Herritarren poltsikoek nabarituko dute, beste behin, aldaketa. Hipoteka urteko berritzen dutenek, eta orain egitea tokatzen zaienei garestitu egingo zaie hilero ordaindu beharreko kuota, iazko martxotik igo egin baita indizea. Garestitzea amortizazio epearen araberakoa izango da: zenbat eta epe luzeagorako mailegua izan, orduan eta handiagoa izango da. Hala, 20 urterako hipoteka dutenei %2,14 igoko zaie hilero ordaindu beharreko kuota, 30 urterakoa dutenei %3 garestituzko zaie, eta 50 urterakoa dutenei %4,16. Hego Euskal Herriko herritarrek 160.000 euroko hipotekak dituzte, batez beste, INE estatistika institutuaren arabera. Kopuru hori kontuan hartuta, 20 urterako hipoteka dutenei 23 euro garestituko zaie kuota, 30 urterakoa dutenei 25 euro, eta 50 urtera dutenei 28 euro.
Mailegua sei hilean behin berritzen dutenek, ordea, zorte hobea izango dute, iazko urrian baino baxuago baitago orain euriborra, eta ondorioz, merkatu egingo baitzaie kuota.
Finantza merkatuen egoerak eragin du oraingoan ere euriborraren indartzea. Bankuek elkarri dirua uzteko erabiltzen duten interesa islatzen du indize horrek, eta euroguneko interes tasen aurreikuspenen arabera ezartzen da normalean. Eurogunean tasak %4ean daudela kontuan hartuta, horren bueltan beharko luke indizeak. Baina Bear Stearn AEBetako bankuaren egoera kaskarraren inguruko informazioak atzera berriz indartu du finantza erakundeen mesfindantza. Berriro ere dirua elkarri uzteko errezelo handiak erakutsi dituzte bankuek, eta ondorioz, garestitu egin da berriro ere diruaren prezioa.
Esperantzarako aukera gutxi uzten dute, gainera analistek. Euriborrak hasitako gorako bidetik jarraituko duela diote, finantza krisiaren inguruan sortutako ezinegonaz gain, euroguneko inflazioak ere ez baitu asko laguntzen. Martxokoa %3,5eraino igoko dela aurreratu zuten atzo, azken urteetako mailarik altuenera. Eten gabe ari da igotzen, eta hori kontrolatzeko behar diren neurri guztiak hartuko dituela esan du EBZk. Interesak igoko dituenaren beldurra indartu egin da.
Eurogunean, inoizko inflazio handiena
E.E.Donostia
%3,5. Hori izan da euroguneko inflazioa martxoan. Hala kalkulatu du EBZk, nahiz etadatua oraindik probisionala dela adierazi. Euroa sortu zenetik inoiz izan den mailarik altuenean dago, hortaz, eta finantza erakundearen kezka gero eta larriagoa da. Inflazioa %2aren azpitik mantentzeko helburua du EBZk, baina xede hori gero eta urrunago ageri dela ikusita, neurri zorrotzagoak hartzeko aukerak gero eta ugariagoak direla uste dute adituek.
Interes tasak jaisteko aukera guztiak uxatu direla argi dute behintzat. «Eztabaidarik ere ez da egongo, jaisteko aukera guztiak baztertuta daude jada», dio Matthew Sharrat Bank of Amerikako ekonomialariak. Are gehiago, mantendu beharrean igotzeko aukerak aztertzen hasiko direla ere uste du, prezioak garestitzen jarraitzeaz ondorio are larriagoak izango direlakoan baita EBZ. «Prezioak zenbat eta gehiago garestitu, soldatak orduan eta gehiago igoko direlakoan dago finantza erakundea, eta horrek inflazioa oraindik ere gehiago indartuko duela uste du», gaineratu du Sharratek.
Martxoko garestitzeak ordea, ez luke ezustean harrapatu behar EBZ. Finantza erakundeko buruek egindako azken bileran Jean Claude Trichet presidenteak onartu zuen epe motz eta ertainera prezioak garestitzen jarraituko zutela espero zutela. Petrolioaren eta lehengaien prezioei egotzi zien inflazioaren igoeraren ardura.
Urtea amaitzerako, ordea, prezioak kontrolatzeko asmoa du EBZk. «Behar diren neurri guztiak hartzeko prest gaude», esan du behin eta berriz Trichetek amaitu berri den martxoan. Finantza merkatuetako krisiak ez dio, ordea, bidea errazten, egoeraren inguruko ziurgabetasunak neurri apalagoak eskatzen dizkiolako. Besteak beste NDFko buruak interes tasak jaisteko eskatu dio EBZri krisiari aurre egiten laguntzeko.