Nafarroako larrialdi zerbitzuek leherketaren gaineko abisua jaso zuten atzo, arratsaldeko hirurak aldera. Cintruenigoko Arias Doktorearen kalean eztanda izan zela ohartarazi zuen herritar batek.
Leherketaren ondorioz, bi hildako izan dira eta beste hiru lagun zauritu. Zaurituak hildako mutikoaren ama, 42 urteko emakumea, eta 12 urteko lehengusua eta 8 urteko anaia dira; Iruñera eraman dituzte, Nafarroako Ospitalera. Bi adingabeak pediatriako unitatean daude, eztandak eragindako erreduren ondorioz. Ospitalean jarraitzen du 42 urteko emakumeak ere. Hari larrialdiko ebakuntza egin behar izan zioten.
Eztanda gertatu zenean etxean ziren hildako emakumea eta haren lau alabak, euren bikotekideekin, eta lau biloba. Lekukoen arabera, eztandak ez zuen ia zaratarik eragin; oihuak entzun zituztenean ohartu ziren zerbait gertatua zela.
Galdarak eztanda egin ostean, sute txiki bat piztu da etxean, baina suhiltzaileek denbora gutxira itzali dute, eta ez du eraikinaren egitura hondatu. Gertatutakoa ikertzen ari da Guardia Zibila.