Bi ikasle atxilotu dituzte Iruñean, beste hezkuntza eredu baten aldeko greban

Arratsalderako aske utzi zituzten bi gazteak; haietako bat erietxera eraman behar izan zuten, kolpe batengatik

Polizia ikasleei oldartu zitzaien atzo Iruñean hezkuntza publiko baten alde eginiko protestan. IDOIA ZABALETA / ARP.
Erredakzioa
Iruñea
2012ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Foruzainek bi gazte atxilotu zituzten Iruñeko Txantrea auzoan atzo goizean, ikasleek bestelako hezkuntza eredu bat eskatzeko deitu zuten greba egunean. Arratsalderako kalean ziren bi atxilotuak. Gazteetako bat berehala askatu zuten. Bestea, berriz, kolpe baten ondorioz, erietxera ere eraman behar izan zuten, eta arratsaldeko zazpietan askatu zuten.Zauritutakoak salatu du foruzain batek bultza egin ziola eta banku baten aurka bota zuela. Foruzaingoak desordena publikoa eragitea leporatu dio azken gazte horri; Irubide institututik gertu margoak eta petardoak botatzea eta edukiontzi batzuk gurutzatzea leporatu diote.

Eguerdiko manifestazioa Poliziaren zaintzapean baina normal egin zuten; ehunka ikasle batu ziren. Besteak beste, ikasleak hezkuntza sistema pribatizatzearen aurka agertu ziren; hezkuntzan murrizketarik ez egiteko ere eskatu zuten. IA Ikasle Abertzaleen esanetan, egungo hezkuntza sistemak ez ditu betetzen ikasleriaren eta herriaren beharrak.

Iruñeko hiru auzotatik atera ziren manifestarien zutabeak, eta Gazteluko plazan elkartu ziren, 12:00etan; handik, Sarasate pasealekurako bidea egin zuten. Tartean, Nafarroako Gobernu- ko Hezkuntza Departamentuaren aurrean eserialdi bat egin zuten.

Ekitaldia amaitu zutenean, Espainiako Poliziaren Iruñeko kuartelera joatea erabaki zuten ikasleek, goizean atzemandako ikasleak aska zitzatela eskatzeko. Han ere eserialdi bat egiten hasi ziren, baina Polizia oldartu egin zitzaien segituan. Orduan, Nafarroako Parlamentuko Bilduren ordezkariak polizia etxera joan ziren, eta hango buruarekin hitz egin zuten; ikasleen ordezkaritzaren eta Roberto Jimenez Nafarroako Gobernuko presidenteorde eta barne kontseilariaren arteko bilera bat adostu zuten. Arratsaldean bildu ziren bi aldeak, eta atxilotuaren inguruan galdetu zioten ikasleek Jimenezi. Gaztea epailearen esku zegoela erantzun zien hark, eta ez zien beste informaziorik eman.

Azkenean, arratsaldeko zazpietan askatu zuten gaztea. Ordu horretan, hain justu, Gazteluko plazatik abiatuta, beste manifestazio bat egin zuten ikasleek, «hezkuntza publiko eta duin» baten alde.

Asteartean ere, istiluak

Txantrean, atzo goizean ez ezik, astearte arratsaldean ere sortu ziren istiluak. Hain justu, IAk antolatuta, 30 bat gaztek itxialdi bat hasi zuten Eunate ikastetxean, martxoaren 29ko greba orokorrari babesa erakusteko. Ikastetxeko zuzendaritzak, ordea, ikasleak barrura sartu orduko, foruzainei deitu zien.

IAk azaldu duenez, Foruzaingoak handik ateratzeko agindu zien itxialdian bildutakoei. Bi ordura, ikasleak irteten ez zirela ikusirik, foruzainak ikastetxera sartu ziren, eta ikasleak identifikatzen hasi ziren. Goitik behera miatu ondoren, indarrez atera zituzten kanpora. Foruzaingoaren jarrera salatzeko, hainbat ekimen egin zituzten herenegun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.