Euriak eta haizeak hainbat ezbehar eta gorabehera eragin zituzten atzo errepideetan. Larriena N-121-A errepidean izan zen, Sunbillan (Nafarroa). Bi kamioik talka egin, eta pertsona bat hil zen. Foruzainek jakitera eman zutenez,07:00 inguruan izan zen ezbeharra. Larrialdi zerbitzuak etasuhiltzaileak hara joan ziren, baina ordurako gizona hilda zegoen. Beste pertsona bat ere ibilgailuetako batean geratu zen harrapatuta, baina ateratzea lortu zuten.
N-1 errepidean hamabost kilometro arteko auto ilarak izan ziren, trailer batek Andoainen (Gipuzkoa) izandako ezbeharraren ondorioz. Ibilgailuak artaziarena egin zuen, eta zeraman ibilgailu astuna bidera erori zen. Goizeko zazpiak eta hamar aldera izan zen istripua, eta errepidea erabat moztuta geratu zen. 08:40ean bideetako bat ireki zuten, eta handik hogei minutura bestea. Bien bitartean, Ertzaintzak Urnietatikdesbideratu zuen zirkulazioa.
Kamioi batek artaziarena egin zuelako, halaber, ordubetez egon zen itxita AP-8 errepidea, Irunen (Gipuzkoa). 11:20ean izan zen istripua, eta kamioi gidaria Bidasoako erietxera eraman zuten. Ertzaintzak G-636 errepidetik desbideratu zuen zirkulazioa, baina lau kilometro arteko auto pilaketak izan ziren Baionarako noranzkoan. Irun erdialdean, berriz, sabai leiho bat erori zen. Eraikin baten aurka jo zuen, baina ez zen inor zauritu. Donostiako suhiltzaileek, bestalde, 30 irteera baino gehiago egin behar izan zituzten, haizearen eta euriaren ondorioz izandako gorabeherak direla eta. Baina ez zen gertaera larririk izan.
Dena den, herenegun hasi ziren lehen arazoak eguraldiarekin. Treton (Kantabria, Espainia) Basauriko (Bizkaia) motor gidari bat hil zen. 28 urteko emakumea da hildakoa. Gidatzen zuen motorra bidetik irten zen, eta jasotako kolpearen ondorioz hil zen.
Lezaman (Bizkaia), bestalde, haizeak haurrentzako puzgarri bat bota zuen, eta lau lagun zauritu ziren: hiru ume eta emakume bat. Emakumea eta umeetako bi erietxera eraman zituzten.
Bi kamioik elkar jo, eta pertsona bat hil da N-121-A errepidean, Sunbillan
Andoainen kamioi batek artaziarena egin du, eta 15 kilometroko auto ilarak izan dira N-1 errepidean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu