Gobernu koalizio berri batekin ekin zion Jose Antonio Ardanza lehendakariak laugarren legealdiari, 1990ean. 1986tik 1990era PSE-PSOErekin batera gobernatu ondotik, bazkide berriak izan zituen Ardanzak legealdiaren hasieran: EA eta EE, hain justu. Itun horrek, baina, urtebete baino gutxiago iraun zuen, harik eta EAJk EA gobernutik bota zuen arte.
Hauteskundeak 1990eko urriaren 20an egin ziren: EAJk irabazi zituen boz horiek, gainerako alderdien atzerakadari esker. Aurreko legealdian baino bost eserleku gehiago eskuratu zituzten jeltzaleek: 22 eserleku eta 289.701 boto. Ordea, sozialistek garesti ordaindu behar izan zuten aurreko legealdian EAJrekin ituna egin izana, eta Ramon Jauregiren alderdiari 50.000 botok ihes egin zioten, eta 16 legebiltzarkiderekin geratu zen, hiru eserleku galduta. HBk eutsi egin zien hamahiru eserlekuei, bai eta boto kopuruari ere. EAk, berriz, atzerakada handia izan zuen, eta lau eserleku galdu zituen. APtik birsortutako PPk eta Euskadiko Ezkerrak seina eserleku izan zituzten, eta lehen aldiz aurkeztutako UA alderdiak hiru ordezkari erdietsi zituen Legebiltzarrean.
Boz horietan, Ardanza aukeratu zuten atzera lehendakari, bigarren bozketan. Gehiengo sinplearekin izendatu zuten: 37 boto izan zituen alde, EAJren, EAren eta EEren legebiltzarkideenak, eta zuri bozkatu zuten PSE-PSOE, PP eta UAko gainerako 25 ordezkariek. HBko legebiltzarkideak Legebiltzarrera joan ziren, baina ez zuten inbestidura saioan parte hartu.
Aurreko legealdian PSE-PSOErekin izandako ituna hautsita zegoen ordurako, eta gobernu koalizio berria egin zuen Ardanzak EArekin eta EErekin. Egonkortasunik gabeko koalizioa izan zen hura, ordea, EAJren eta EAren arteko barne liskarrak zirela medio. Hala, oso hilabete gutxi iraun zuen itunak: 1991ko urtarrilaren 2tik irailaren 16ra arte, hau da, Ardanzak EA gobernutik bota zuen arte.
EAJren eta EAren arteko liskarrak lehendik bazetozen ere, gobernu ituna hausteko arrazoi nagusia izan zen EAk babestu egin zituela independentziaren eta ETArekin negoziatzearen alde HBk udaletan aurkeztutako hainbat mozio. EAJri ez zitzaion gustatu EAk autodeterminazioaren aldeko jarrera hartzea eta Gernikako Estatutuaren balioa zalantzan jartzea, eta EAko hiru sailburuak gobernutik kanporatzea erabaki zuen.
EEren barne krisia
EA Jaurlaritzatik egotzi zutenean hautsi zen Euskadiko Ezkerra ere. Alderdia barne krisi sakonean murgilduta zegoen ordurako: sozialisten ingurura lerrokatu nahi zuen sektore batek, eta EArekin, berriz, besteak. Juan Mari Bandres lehenengoen taldean zegoen, Mario Onaindiarekin batera.
Hala, korronte kritikoa eratu zen alderdi barruan, eta EA gobernutik kanporatu eta gutxira, EEko kide askok alderdia uztea erabaki zuten. Kepa Aulestia buru zen Auñamendi ildo kritikoaren kideek dimisioa eman eta gero, ildo ofizialeko kide bakar bat geratu zen Eusko Legiltzarrean EEren ordezkari gisa. Egoera horrek are eta ahulago utzi zuen Ardanzaren gobernua, eta bi aukera baino ez zituen orduan: Legebiltzarra desegitea eta bozak aurreratzea, ala gobernu akordio berria bilatzea. Bigarren bideari ekin zion Ardanzak, sozialistekin negoziazioak hasita.
Azkar joan ziren negoziazioak. EAJrentzat ezinbestekoa zen gobernu egonkorra egitea, eta hargatik, malgu jokatu zuen sozialistekin. Hamar egunetan lortu zuten ituna EAJk eta PSEk. Programaren hainbat ataletan amore eman behar izan zuten jeltzaleek, eta sailen banaketan, berriz, sozialistek. EAJk bederatzi departamentu kudeatu zituen, eta PSE-PSOEk, berriz, sei; presidenteordetza bat barne. EEk apenas hartu zuen parte negoziazio horietan, eta, hasiera batean, pisu gutxiko sail batekin geratu ziren. Bi urteren buruan, baina, EEn geratu zirenek PSErekin bat egitea onartu zuten, eta alderdi horrek PSE-EE izena hartu zuen 1993an. EAJ eta PSE-EEren arteko itunak 1995era arte iraun zuen.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Gobernu koalizioak eta akordioak
Bi koalizio, legealdi berean
1991-1995. Jose Antonio Ardanza. Gorabeheratsua izan zen Ardanzaren bigarren agintaldia, eta bi gobernu itun egin behar izan zituen legealdi berean: EA eta EErekin, aurrena, eta PSE-PSOErekin, gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu