Iruñeko Arantzadiko Aldaia baratzeetan berriro sartu dituzte makinak gaur goizean, eta hainbat polizia bertaratu dira makinek lanak egin ditzaten. Obrako teknikariak neurketak egin ondoren hasi dira lanean makinak. Zenbait zuhaitz bota dituzte. Tentsio gunerak bizi izan dira goiz guztian zehar. Polizia ekintzaileak eta hedabideak kanporatzen saiatu da eta bi lagun makinen gainera igo dira. Udaltzaingoak bi gazteak atxilotu egin ditu, obrak eragoztea leporatuta. Epailearen eskuetan utzi dituzte bi ekintzaileak.
Iruñeko Udalak parke bat eta baratzeen interpretaziorako zentro bat egin nahi ditu Arantzadin. Horretarako, lurrak desjabetzen hasi zen orain zenbait urte, eta abuztuaren bukaeran hasi zituen obrak. Agustin Beroiz nekazaria eta Arantzadi Auzolanean ekimeneko kideak dira gaur egun eremu horretan baratzeak dituzten bakarrak. Obra egiteko, Beroizi lur zati bat desegin diote makinek, eta Arantzadi Auzolanean ekimenak beretutako lur guztiak hondatu dituzte.
Elkarteak protestak egin ditu azken egunetan, hondatutako baratzeak berreskuratu nahian. Poliziak hamarren bat lagun atxilotu ditu azken asteetan.