Gaur goizeko seietan abiatu dute Guardia Zibilaren eta Frantziako Poliziaren arteko polizia operazioa Miarritzen. Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez, armak zigilatzeko ETAren egitura "tekniko-logistikoaren kontrako" polizia operazioa da. ETAk 2014ko uztailean iragarri zuen zeregin horretan hasiko zela.
Oraindik, Miarritzeko Posta kaleko Cambarre etxea arakatzen ari da Polizia; batik bat, behe solairuko garajean ari dira miaketa lanetan.
Bertan bizi zen Nathalie Chasserieud etxearen jabea eta haren bikotekidea atxilotu egin ditu Poliziak. Espainiako Barne Ministerioaren oharrean jartzen duenez, T.V. inizialekin hasten dira gizonezko atxilotuaren izen-abizenak.
Polizia iturriek adierazi dute armategi "garrantzitsua" topatu dutela. Hala ere, ez dute kopuru zehatzik eman. Tartean lehergailuak daudela esan dute, baita autoen matrikulak faltsutzeko gailuak ere. Polizia operazioak zabalik jarraitzen du.
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak polizia operazioaren balorazioa egin du: "ETAk ez baditu armak ematen, guk kenduko dizkiogu". Esan du ETAren aurkako operazio "garrantzitsuena" dela 2012az geroztik: "ETA ia suntsituta dago. Presoak eta ezer gutxi gehiago du, eta gero eta gutxiago".
Armagabetze prozesua
2014ko uztailaren 15eko datarekin publiko egin zuen agiriaren arabera, egitura "tekniko-logistikoa" osatzen ari zen ETA. Egitura horren egitekoa armategien zigilatzea bururaino eramatea zen. Halaber, lan politikoetarako egitura indartuko duela ere jakinarazi zuen ETAk. "Bake prozesuak aurrera egin dezan aldeen arteko elkarrizketak sustatzea helburu" duten lanetan ere indar berezia egingo zuela iragarri zuen.
Hain zuzen, berregituraketaren "lehen zutabeak" lotura zuzena du ETAk otsailean iragarritako "armategien zigilatze egiaztatua" gauzatzearekin. Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak jakinarazi zuenez, erakunde armatuak arma eta lehergaien "kopuru jakin bat" zigilatu zuen, eta hori "behin betiko desarmatzearen aurretiko pauso garrantzitsutzat" eman zuen batzordeak. Bideo bat argitaratu zuten; bertan ageri dira Ram Manikkalingam eta Ronald Kasrils batzordeko kideak, ETAko kideekin batera, armak zerrendatuz. 2014ko urtarrilekoa da bideoa.