POLITIKA

Bi lagun atzeman ditu Ertzaintzak Soraluzen, protestara dei egiten ari zirela

AAMk berri eman duenez, bi pertsonak torturaren aurkako eguneko protestara dei egiten ari ziren. Atzo gauean askatu zituzten, eta Ertzaintzari irain egitea egotzi diete.

2010eko otsailaren 11
13:08
Entzun
Ertzaintzak bi pertsona atxilotu zituen atzo iluntzean Soraluzen (Gipuzkoa), larunbatean egitekoak diren protesta ekintzetan parte hartzera deitzen ari zirenean. AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, herrian barrena megafonia bidez ari ziren deia zabaltzen bi atxilotuak, eta ertzainek geldiarazi eta atxilotu egin zituzten. Atzo bertan utzi zituzten libre, eta Ertzaintzari irain egitea egotzi diete, Ondarroako polizia operazioan atzemandakoek torturak jasan zituztela salatzeagatik.

Torturaren aurkako eguna izango da larunbatean, egun horretan beteko baitira 29 urte Joxe Arregi torturatu eta hil zutela. Hainbat herritan antolatu dituzte mobilizazioak, eta AAMk salatu du horietara dei egitea eragotzi nahian ari dela Ertzaintza. Haren arabera, Zornotzan (Bizkaia), Algortan (Bizkaia), eta Donostian kartelak kentzen aritu dira, eta zenbaitetan haiek jartzen ari zirenei jarraitu diete. Azpeitian (Gipuzkoa), berriz, Julian Eizmendi alkateak (EAJ) eman zuen kartelak kentzeko agindua, AAMren esanetan.

Ertzaintzari tortura salaketak isilarazi nahi izana leporatu dio AAMk, eta dei egin du larunbateko protestetan parte hartzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.