Bi lagun hil eta beste hiru zauritu dira Gasteizen bart, N-1 errepidean izandako auto istripu batean, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak esan duenez.
1:40ak aldera izan da ezbeharra, Madrilerako bidean: Peugeot 406 markako auto bat errepidetik atera da eta zuhaitz bat jo du. Bost lagunak bertan zihoazen. Kolpearen ondorioz hil dira bi lagunak, eta beste hirurak zauritu —Santiago eta Txagorritxu erietxeetara eraman dituzte—.
Portugalgoak dira bostak: hildako batek 47 urte zituen —besteak zer adin zuen ez dute esan—, eta zaurituek 34, 41 eta 44 urte dauzkate.
Istripuagatik Madrilerako norabideko bi errei itxi egin dituzte. 3:20ean ireki dute errepidea.
Ertzaintzak heldu dio ikerketari.