Bi mendez irudikatutako ametsa

1802an Napoleonek begi onez ikusi zuen egitasmoa, baina Londresek oztopatu zuen. Bigarren Mundu Gerra ostean gorpuztu zen proiektua.

Jon Fernandez.
2014ko maiatzaren 9a
20:52
Entzun

Lehenengo ideia Albert Mathieu meatze ingeniari frantziarrak eduki zuen duela 212 urte. Calaisen tunel bat zulatzen hasi eta Doverreraino iristeko plana aurkeztu zuen 1802an, Mantxako kanala itsaspetik zeharkatzeko. Ez zuen, jakina, egungo Eurotunelarekin zerikusirik. Oliozko lanparekin argitu nahi zuen tunela, eta bidaiariak zalgurdietan eraman. Mantxako kanalaren erdian, irla artifizial bat sortzea aurreikusi zuen, han zaldiak aldatzeko. Napoleoni asko gustatu zitzaion ideia, baina batere ez George III.a errege britainiarrari. Ez zuen begi onez ikusi kontinente osoaz jabetzen ari zen gizonak zulo zuzen bat izatea Erresuma Baturaino. Bertan behera geratu zen Mathieuren ametsa.
1880ko hamarkadan kanalaren beste aldean piztu zen amets bera. Tunela zulatzen hasi ziren Kent konderrian, baina bertan behera geratu zen proiektua. Oraindik ikusgai daude orduko zulobideak. Aspaldiko ametsa ez zen benetan gorpuzten hasi Bigarren Mundu Gerra amaitu arte. Parisek eta Londresek 1957an sortu zuten Mantxako Kanala Ikertzeko Taldea, itsasopean trenbide bat sortzea bideragarri zen hala ez erabakitzeko.

1988ko otsailaren 28an hasi ziren zulaketa lanak kanalaren bi aldeetan. Eta mendeetan amestutako momentua, eraikuntza lanek iraun zuten sei urteetako unerik zirraragarriena, 1990eko abenduaren 1ean iritsi zen: bi aldeetako beharginek bat egin eta elkarri eskua eman zioten langile frantziar batek eta britainiar batek itsas hondoa baino 50 bat metro beherago. Guztira 13.000 lagunek egin zuten lan tunelaren eraikuntza lanetan, eta 11 makina zulatzaile berezi erabili zituzten. Ateratako 4,9 metro kubo lurrekin 36,4 hektarea irabazi zioten itsasoari Dover mendebaldeko kostaldeko labarretan. Itsaspeko lurrarekin sortutako Samphire Hoe parkeak urtean 110.000 bisitari inguru jasotzen ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.