Xavier Darcos Frantziako Hezkuntza ministroak burutu nahi duen erreformaren aurka egin dute gaur berriro Baioonan ikasleek. Bi mila lagun elkartu dira gaur goizean manifestazioan, eta erreforma bertan behera uzteko galdegin dute.
Gaur aurkeztu behar zuen erreforma Darcosek, baina aurkezpena heldu den urteko ekainera edo larrazkenera gibeleratu du. Erreforma 2009ko irailean indarrean ezarri nahi zuen ministroak, baina aurkezpena gibeleratzearekin, oraingoz, alde batera utziko dituzte ezarri nahi dituzten neurriak.
Erreforma burutuz gero, hiruzpalau urtetan 90.000 lanpostu desagertuko dira hezkuntza sistema osoan, lehen mailatik unibertsitatera. Horrez gain, lizeoetan eragina izanen duten beste neurriak ere badira Darcosen egitasmoan, eta lizeo "txiroen" eta "aberatsen" arteko ezberdintasunak handituko direla salatu dute, orain artean, ikasleek. Hezkuntza orokorreko oren kopurua ere murriztu nahi du, erreformarekin, Frantziako Gobernuak.
Ikasleak beldur dira Darcosen erreformarekin irakaskuntzaren kalitatea urrituko den. Hortaz, protestekin jarraituko dutela ohartarazi dute. Erreforma gibeleratzea ez, baizik eta bertan behera uztea galdegiten dute.
Gaur Baionako ekimenaz gain, atzo Hazparnen (Lapurdi) Saint-Joseph lizeoan protesta egin zuten ikasleek, eta gauean itxialdia egin zuten Donibane Garazin Nafarroa lizeokoek.
Iragan ostegunean 1.5000 ikaslek manifestazioa egin zuten Baionako karriketan, eta erreformaren aurkako mugimendua gogortzeko eta zabaltzeko deia egin zuten. Ostiralean Baionako Unibertsitatearen egoitza berrien estreinaldira eraman zuten protesta ikasleek.
Hezkuntza
Bi mila ikaslek Darcosen erreforma bertan behera uzteko eskatu dute Baionan
Frantziako Hezkuntza ministroaren egitasmoarekin irakaskuntzaren kalitatea urrituko den beldur dira. Darcosek erreformaren aurkezpena heldu den urteko ekainera atzeratuko du, gutxienik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu