Kolpe handia jo du mahaian Nafarroako Gobernuak: hamar langile publikotik ia bat kaleratu egingo du urtea bukatu baino lehen. Bi mila lagun. Sindikatuek egin dute salaketa, gobernuarekin bildu eta gero. Atzera ez duela egingo, murrizketak ezarri egingo dituela, adierazi du exekutiboak behin eta berriro. Uko egin dio negoziatzeari. Aurrera egingo du mozketekin, sindikatuek grebarako deiak egin arren. Gobernuaren jarrera itxiak are gehiago batu ditu sindikatuak: hilaren 31n alor publiko osoan deitutako lanuztea indarra hartzen ari da.
Azken asteetan iragarritakoa gogortu egin du gobernuak. Hezkuntzan murrizketak egingo dituela hasieratik, Espainiako Gobernuak proposatu zituenetik, jakinarazi zuen Jose Iribas kontseilariak. Sindikatuek espero baino handiagoak izango dira, ordea. LAB sindikatuak atzo berri eman zuen zazpi irakasletik ia bat botako dutela. Mila maisu-maistra. Ez die gobernuak esan hori; eskoletara banaka-banaka ari dira igortzen datorren urterako lantaldeen berri, eta horietan oinarrituta zabaldu du zenbaki hori LABek.
Behin-behineko langileak joango dira kalera, baina funtzionarioei ere egingo diete kalte. LABeko eledun Expe Iriarte: «Lekuz aldatzera behartuko dituzte kontratu finkoa duten zenbait, eskoletan postuak desagertuko baitira». Murrizketa murrizketaren gainean izango da: institutuetan 235 irakasle gutxiago dira aurten; irailean, mila gutxiago unibertsitatez kanpoko irakats-aldi guztietan.
Bilera zuten atzo sindikatuek eta Hezkuntza Departamentuak. Jarrera «itxia» eraman zuten gobernuko ordezkariek, Iriarteren esanetan: sindikatuek murrizketekiko zein iritzi duten jakin nahi zuten soilik. «Atzera ez dutela egingo esan digute». Lanuztea izango dela ziurtzat jo du UPNren eta PSNren gobernuak: gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu hezkuntzarako. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, hiru irakasletik batek joan beharko du lanera hilaren 22an, 29an eta 31n; DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, lautik batek. Azterketa garaia da, eta egun horietan ere probak egiteko eta zuzentzeko agindu du gobernuak.
ELAko ordezkaririk ez zen joan hezkuntzako bilerara, eta, gobernuaren jarrera ikusita, alde egin zuten LABekoek eta EILASekoek. Bitartean, hedabideen aurrean zen Iribas kontseilaria; ez zen joan batzarrera, iragarpena hark egin bazuen ere. Greba deialdia gutxietsi du beste behin ere kontseilariak, eta protestarako arrazoirik ez dagoela nabarmendu du. «Alarma piztea» egotzi die sindikatuei. Lanuzte egunetan normaltasuna izango dela iritzi dio.
Batasun handia erakutsi dute orain arte hezkuntzako sindikatuek, eta batek ez beste guztiek dei egin dute hiru lanuzteetara. Iriartek esan du «harrokeria gutxiagorekin» agertu zirela atzoko bilerara departamentuko kideak.
36 ordu gehiago urtean
Hezkuntzan bakarrik ez, alor publiko osoan iragarri zizkieten atzo murrizketak. Mahai orokorraren bilera ere bazuten, eta jite bereko kontuak han ere: «Behartuta daudela esan digute, ez dutela intsumisiora joko». CCOOko kide Javier Ibañezek eman du bileraren berri. ELA eta LAB ez ziren joan.
Alor publikoko langileei buruz atzera-aurrera ugari egin dute azken asteetan UPNk eta PSNk; Roberto Jimenez PSNkoari dagokio horren ardura, eta iragarri zuen ez zuela lanordu gehiago jartzeko asmorik. Hutsaltzat jo zuen neurria, ez zuelakoan dirurik aurreztuko. Atzera egin du, ordea, gobernuko beste bazkideak, UPNk, behartuta. Jimenez ez zen atzo bilerara joan, Iribasek egin bezala. Eta Hezkuntza Departamentuan entzundakoa aditu zuten Administrazio Publikoetako Departamentuan ere: «Informazio bilera izan da. Bederatzi puntu negoziaezin jarri dituzte mahai gainean».
Langile publikoek urtean 36 ordu gehiago egitea dago erabaki «negoziaezin» horien artean. «Dirua aurrezteko neurriak direla adierazi digute, eta ezin direla negoziatu». Sindikatuetan jarduteko denbora, familiarako laguntzak, osagarriak... Horrelakoak kendu egingo dizkiete. Beste hiru erabakiri buruz hitz egiteko prest dago Jimenezen saila. «Baina gai ahulagoak dira, sektorekoagoak, lekualdatzeak eta horrelakoak». Gobernuak sindikatuei adierazi die aurten soilik eragingo dutela neurri horiek. «Ez da sinesgarria urte erdirako handitzea lanaldia», ohartarazi du Ibañezek.
Murrizketa horiek guztiek ekarriko duten kaltea nabarmendu du CCOOk: bi mila langile kanporatuko dituztela salatu du, lantaldearen %10. «Esan diogu hori gobernuari, eta erantzun digu ez dela kaleratzerik izango». Negoziazioa eskatu du Ibañezek, orain UPN eta PSN «era antidemokratikoan» jokatzen ari direlakoan. Ez dute denbora asko: murrizketen legea datorren astean atera nahi du aurrera gobernuak. Astelehenean egingo dute beste bilera bat mahai orokorreko sindikatuek eta gobernuak. Adostasunerako bidea oso estua da, nolanahi ere. Keinu gisara, gobernuak atzera bota du gaixoaldian soldata zati bat ez ordaintzeko proposamena.
Babesak zabaltzen
UPNren eta PSNren jarrera itxiaren eraginez, batasuna indartzen ari da sindikatuen artean. Gai izan dira mobilizazio egutegi bateratu bat adosteko. Hezkuntzan, hiru greba egun antolatu dituzte, datorren astean bertan hasita. Hilaren 31n alor publiko osoan greba egiteko deia egina dute LABek, ELAk, EILASek eta ESK-k Nafarroan —Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako deia bertan behera utzi dute ELAk eta EILASek, baina eutsi egin diote Nafarroakoari—. Orain, murrizketa handiagoak mahai gainean jarri dituztelarik, babes handiagoa jasoko du sindikatu horien deiak.
Ibañezek aurreratu du oso litekeena dela CCOOk bat egitea hilaren 31ko grebarekin. Hezkuntzarako soilik eman diote babesa oraindik, baina Ibañezek uste du CCOO batuko dela alor publiko osorako deialdira. «Martxoaren 29ko greba orokorra oso arrakastatsua izan zen, eta erakutsi zuen indarrak batzea oso interesgarria dela». Ezberdintasunak gainditzeko balio izan diete murrizketek: «Banatzen gaituzten alderdiak badaude, baina, uneotan, batzen gaituena gehiago da. Ezeren gainetik hori dago orain».
Babesa lortzen jarraitzen dute etengabe alor publikoko langileek. Herrikoa gurasoen elkarteak eta Sortzen-Ikasbatuaz-ek emango dute gaur hezkuntzako mobilizazioei buruzko iritzia. Hilaren 31n alor publikoa geratzeko deia eguerdian erregistratuko dute.
Murrizketak. Nafarroako Gobernuaren neurriak
Bi mila langile publiko, kalera
Nafarroako Gobernuak hamar beharginetik ia bat botako duela salatu dute sindikatuek; hezkuntzan egingo dute mozketa handienaNegoziatzeari atea itxi diote UPN eta PSNk, eta areagotu egin dute sindikatuen batasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu