Gobernuaren ardurapekoak diren arren, udalek kudeatzen dituzte laguntza horiek. Kontua da udan amaitu zitzaiela Jaurlaritzak emandako diru saila udal batzuei, eta beren poltsikotik jarri behar izan dute dirua, laguntzak emateko.
Aurreko urteetako diru sail bera jarri zuen aurtengo Jaurlaritzak: 17,3 milioi euro. Juan Maria Aburto sailburuak orain arte esan izan du gehiago jartzea ez zela posible. Eusko Legebiltzarrak eskatu zion, ordea, diru gehiago ipintzeko, laguntza horiek ordaindu ahal izateko. Gaur iragarri du bi milioi euro jarriko dituela urtea bukatzerako. Horrekin egoera "arintzea" eta udalak "konpentsatzea" espero du Jaurlaritzak.