Politika

Bi orduz batzartu ostean, desadostasun handiak utzi dituzte agerian Zapaterok eta Ibarretxek

Downing Streetekoaren pareko ituna bideratzea proposatu dio Jaurlaritzaren lehendakariak, eta "zilegi eta demokratikoak diren proposamenez hitz egiteko, negoziatzeko eta kasuan-kasuan ituna lortzeko, errespetua eta lasaitasuna" eskatu ditu. Espainiako gobernuburuak "Ibarretxe Planaren bigarren partearen" porrota iragarri du.

2007ko urriaren 16a
14:28
Entzun
Bi orduz bildu da gaur Madrilen, Moncloan, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzaren lehendakaria Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuaren presidentearekin, eta Downing Streetekoaren pareko ituna lortu nahi duela jakinarazi dio. Horretarako agenda ETAk ezin duela baldintzatu uste du Ibarretxek, eta "elkarrizketa" eskatu dio Zapaterori.

Desadostasuna, baina, espero zen bezala, nabarmena izan da, Espainiako gobernuburuak "Ibarretxe Planaren bigarren partearen" porrota iragarri duelako bileraren ondoren. "Ez da onartua izango, ezta gauzatua ere", adierazi du Zapaterok berak, prentsaurrekoan.



Hain zuzen, 10:28an ireki dira Moncloako jauregiko ateak, eta orduan irten da Zapatero harrera egitera. Jauregi atariko eskailerak jaitsi eta behean egin dio harrera Zapaterok hari; auto ofizialean iritsi da hau. Lekukoen arabera, sendo eman diote bostekoa elkarri. Halaber, zenbait minutuz jauregiko atarian izan dira argakiak egiteko, atzean Espainiako bandera eta ikurrina zituztela. 12:30ean bukatu dute bilera.

"Eskuak irekita" joan da gaur EAEko lehendakaria Moncloara, berak bileraren ondoren adierazi duenez, eta, ofizialki, Espainiako Gobernuarekin itun politikoa egitea proposatu dio Zapaterori: Downing Streetekoaren parekoa. Espainiako gobernuburuak erantzun dio Estatuarekin itun bat egitea proposatu aurretik, lehenago euskal alderdien arteko akordioa lor dezala. 2004ko abenduan EAEko Estatutu Politiko berriari buruz Eusko Legebiltzarrean gehiengo osoz hartu zen erabakia ez da nahikoa Zapaterorentzat, eta hala esan dio gaur ere Ibarretxeri.

Gaurkoa irailaren 28an Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako errepide mapako "lehen pausoa" izan dela esan du Ibarretxek, "eta zilegi eta demokratikoak diren proposamenez hitz egiteko, negoziatzeko eta kasuan-kasuan ituna lortzeko, errespetua eta lasaitasuna" eskatu ditu. "Hemen arazoa indarkeria da, ez proposamen hau". Espainiako Gobernuak bake prozesuan ETArekin hitz egin bazuen, EAEko lehendakariarekin ere hitz egin beharko lukeela uste du Ibarretxek, eta hala esan du gaur.

Espainiako Gobernuarekin itun politikoa lortu zein ez lortu, 2008ko urriaren 25ean herri galdeketa bat egiteko aukera biltzen du Jaurlaritzaren erepide mapak. Prozesuak bi adar nagusi izango lituzke: batetik, bake prozesua berriro abiaraztea, eta, bestetik, euskal alderdi politikoak mahai baten inguruan esertzea, "ahalik eta akordio zabalena lortzeko asmoz".

Zapaterok berretsi du Ibarretxek aurreratzen duenaren moduko herri galdeketa ezin dela aurrera eraman, "ez delako legezkoa eta ez duela aurrera egiteko baliabiderik. Eta norbaitek ezin badu egin, ez du egingo", adierazi du irmo. Espainiako legedia segitu eta bete beharra dago, haren ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.