Atzo Ezkabarten izandako istripu batean (Nafarroa), 64 urteko pertsona bat hil zen, eta beste bi erietxera eraman zituzten, larri zaurituta. Hirurak belgikarrak dira. Foruzaingoaren informazioaren arabera, Iruñea eta Irun arteko N-121-A errepidean gertatu zen ezbeharra, 11:30ak baino pixka bat lehenago. Ibilgailua errepidetik atera zen Soraurengo zubian, eta Ultzama errekara erori zen.
Larri zauritu ziren bi pertsonak adingabeak dira, 11 eta 15 urtekoak. Horietako bat iritsi eta berehala atera zuten ibilgailutik suhiltzaileen erreskate taldeek eta anbulantzian eraman zuten Nafarroako Ospitale Gunera, Iruñera. Beste adingabea eta hildako pertsona, aldiz, harrapatuta geratu ziren, eta lanak izan zituzten suhiltzaileek autotik ateratzeko. Adingabea anbulantzian eraman zuten erietxera. Pertsona heldua hilda zegoen ordurako.
Bestalde, moto gidari bat zendu zen atzo Deban, N-634 errepidean, izandako istripuan (Gipuzkoa).Ezbeharra arratsaldeko seiak inguruan gertatu zen, eta anbulantzia bertaratu zenerako gidaria hilda zegoen.
Halaber, uztail amaierako oporretako irteerak auto ilara luzeak eragin zituen atzo Euskal Herrikoerrepideetan. Goizeko hamar eta erdietarako, hamar bat kilometro inguruko ilarak sortu ziren Zigoitian (Araba), Eibar eta Gasteiz batzen dituen AP-1 autobideko irteeran. Autobidetik irten ostean, ibilgailu gehienek N-622ra sartu behar zuten, metro batzuk aurrerago Burgoserako A-1 errepidea hartzeko, eta hor pilatu ziren ibilgailuak.
Armiñonen, Araban, zazpi kilometroko ilarak sortu ziren goiz partean, Burgosera doan A-1 autobideko sarreran, eta Oiartzunen ere auto ilarak egin ziren goizean Bilborako norabidean, A-8ko ordainlekuan.
Uztail amaierako oporretako irteeran 3.500 ertzain inguru ari dira parte hartzen.
Bestalde, polietilenoz betetako kamioi batek su hartu zuen atzoA-15 autobidean, Areso inguruan (Nafarroa). Suak kabinari bakarrik egin zion kalte, eta suhiltzaileek sua biltegira pasatu baino lehen itzali zuten. Larrialdi zerbitzuak lanean ari ziren bitartean, errepidea itxita eduki zuten.
Bi pertsona hil dira errepidean, istripu banatan
Hamar kilometro bitarteko auto ilarak sortu dira Zigoitian, AP-1 autobideko irteeran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu