Presoak

Bi preso hilda agertu dira Langraizko espetxean

Langraizko (Araba) espetxean preso zeuden bi gizonezko hilotz agertu dira gaur goizean, funtzionarioen arabera, bakoitza bere ziegan. 30 urte zituen batek eta bere txabusinaren gerrikoarekin urkatu du bere burua iturri ofizialean arabera. Besteak 21 urte zituen, eta ohean hilda aurkitu bide dute.

2004ko abenduaren 15a
18:18
Entzun
Espainiako Gobernuaren Arabako Ordezkaritzak emandako azalpenen arabera, goizeko zortzietan, ohiko kontaketa egitean, aurkitu dituzte funtzionarioek bi presoak hilotz, bakoitza bere ziegan. Hala ere, Gobernuaren Ordezkaritzak ez du arratsalde arte albistearen berririk eman.

Iturri horiek azaldu dutenez, 30 urteko A.M.H. da hildakoetako bat, Sevillakoa (Andaluzia, Espainia). Hainbat lapurretengatik 20 urteko espetxe zigorra zuen, eta epaiketa baterako ekarria zuten Langraizera Alacanteko (Herrialde Katalanak) kartzela batetik. Txabusinaren gerrikoa segurtasun atera lotuta bere burua urkatu duela agertu dute iturri ofizialek.

Hilda agertu den beste presoa 21 urteko M.R.V. da, Las Palmasekoa (Kanariar Uharteak); hiru urte eta hiru hileko espetxe zigorra ari zen betetzen lapurretengatik. Gazte hori ohean topatu dutela hilda azaldu dute iturri ofizialek, eta heriotzaren arrazoiak oraindik argitzeke daudela.

Espainiako Espetxe Erakundeetako Zuzendaritza nagusiak ikerketa hasi duela agertu dute aipatu iturriek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.