Bi preso hilda aurkitu dituzte Langraizko espetxean eta Basurtuko ospitalean

Hiru urte eta erdian 23 preso hil dira Euskal Herriko espetxeetan

Erredakzioa
2007ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Aurten lau preso hil dira Euskal Herriko espetxeetan. Horietatik bi egunotan: bata atzo bertan aurkitu zuten hilda Langraizko espetxeko bere ziegan (Araba); bestea, berriz, Basauriko espetxeko presoa zen, baina Basurtuko ospitalean hil zen (Bizkaia), irailaren 19an.

Langraizko espetxean hildakoa 46 urteko MT.M.N. da. Espetxe Erakundeen Zuzendaritzaren esanetan, funtzionarioek gorpua atzo 08:00 aldera aurkitu zuten, presoak zenbatzen ari zirela. Jantzita eta ohean etzanda zegoen. Bakarrik zegoen ziegan.

Funtzionarioek espetxeko medikuari deitu zioten, eta medikuak presoa hilda zegoela baieztatu zuen. Espainiako Espetxe Erakundeen Zuzendaritzak uste du bihotzeko arazoen ondorioz hil dela, baina oraindik ez du heriotzaren arrazoia baieztatu.

Hildakoa 2005eko abuztuan sartu zuten espetxean, sei urteko zigorra betetzeko, atxiloketa eta lesioengatik. Iazko ekainean iritsi zen Langraizko espetxera.

Iragan astean, berriz, Basauriko espetxeko preso bat hil zen Basurtuko ospitalean. Presoa hirugarren graduan zegoen, eta, Bizkaiko Salhaketaren esanetan, ospitalean zegoen «espetxean pasatako denboran bere osasuna hondatu zelako».

2004ko abendutik 23 preso sozial hil dira Euskal Herriko espetxeetan: bi 2004ko abenduan, zortzi 2005ean, bederatzi iaz eta lau aurten. Horiez gain, epe horretan Euskal Herriko hiru preso sozial hil dira Euskal Herritik kanpoko espetxeetan.

Bizkaiko Salhaketak eman du Basauriko espetxeko presoaren heriotzaren berri, ez Espainiako Espetxe Erakundeen Zuzendaritzak. Salhaketak asteartean ohartarazi zuen espetxeen komunikazio politika aldatu egin dela, eta orain espetxeek ez dutela heriotzen berri ematen. Horregatik, heriotza kasu gehiago egon daitezkeela esan zuen Salhaketak.



NEURRIAK. Egoera ikusita, Salhaketak hainbat neurri proposatu ditu, espetxeetako egoera hobetzeko: Fiskaltzak heriotza bakoitza bere kabuz ikertzea; gaixotasun larri kronikoak edo sendaezinak dituzten presoak espetxetik ateratzea; espetxeko tratamendua medikuen tratamenduaren menpe egotea; inkomunikazioak eta bakartzeak bertan behera uztea; espetxeetako masifikazio egoerak konpontzea, leku gehiago ez emanez, politika alternatiboak aplikatuz baizik; eta legeria aldatzea, gizarteratzera egokitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.