Alternatibak, Aralarrek, EAk eta ezker abertzaleak bi proposamen sozioekonomikoak gizarteari aurrez aurre jartzera deitu dituzte gainontzeko alderdiak. "Gizarteari aurkeztu zaizkion bi ereduak erkatzera dei zuzen eta argia egiten diegu: Ezker soberanistarena alde batetik eta EAJrena, PPrena eta PSOErena beste aldetik", adierazi dute gaur Donostian eman duten prentsaurrekoan.
Alderdiek esan dute euren helburua dela "gizarteak eta eragile sozialek gure proposamena ezagutzea, beren ekarpenak egitea eta eredua aberastea". Sozializazio prozesuaren ondoren, dokumentu hobeak lortuko dituztela uste dute, "osoagoa eta euskal herritarren beharretara oraindik eta hobeto egokituko dena".
Horrela dei argia egin deite beste alderdiei: "Bi proposamenak aurrez aurre jarri nahi ditugu, aukeratzen duten eredu eta formatoan, nahi dutenean, eta ahalik eta azkarren".
Prentsaurrekoan gainera alderdiek salatu dute PP, PSE eta EAJren politika sozioekonomikoak "Madrilgo politika ultraliberala babestu eta eskubide sozialak eta herritarren ongizatea deusezten dituela".