Asier Azpilikueta
Iruñeko patroia ez da San Fermin. San Saturnino da; edo Done Saturdi; edo San Zernin. Beraz, gaur da Iruñeko eguna. Egun horrek, ordea, bi aurpegi izanen ditu aurten. Izan ere, Iruñeko herri mugimenduko kolektiboek, Iruñeko eguna ekitaldi ofizialetan gera ez dadin, Iruñeko Eguna izenekoa antolatu dute, lehenbizikoz.
Zehazki, herri kolektiboak biltzen dituen Gora Iruñea! plataformak antolatu ditu gaurko egunerako ekitaldiak. Daniel Saralegi plataformako kideak gogoratu du bere garaian herri mugimenduak ospatzen zuela San Saturnino eguna. «Adibidez, herri bazkari handia egiten zen Labrit pilotalekuan. Baina bazkari hori txikitzen joan zen, eta koadriletako bazkari txikietara mugatu da azken urteetan. Gora Iruñea!-k pentsatu zuen aukera polita zela gure parametroen araberako jaia egiteko, hau da, jai herrikoia, parekidea eta euskalduna egiteko».
LANIK GABEKO EGUNA. Azaroak 29 dituenean, iruindarrek ez dute lanik egiten. Baina, egia erran, apenas ospatzen duten iruindarrek eguna. «Jendea prozesioa ikustera joaten da», erran du Saralegik. «Baina prozesioan erraldoiak ateratzen dituztelako». Gogoratzekoa da erraldoiak, bakarrik, sanferminetan, San Fermin Txikin eta San Saturnino egunean ateratzen direla.
Prozesioa, meza eta bazkari ofiziala. Horiek dira Iruñeko egun ofiziala osatzen duten osagaiak. Bazkari itzela izaten omen da, eta, horregatik, ohikoa izan da ezkerreko alderdiek uko egitea bazkari horri. Aurten, adibidez, EAE-ANVko bi zinegotziek erran dute ez direla joanen; ez bazkarira, ez Udalak antolaturiko bertze ekitaldietara, «izaera kontsumista eta xahutzailea» dutela uste baitute. Gora Iruñea!-k antolaturiko ekitaldietan parte hartzera deitu dituzte iruindarrak. «Ez daitezela ospakizunak ekitaldi ofizialetara mugatu, horixe da gure asmoa», segitu du Saralegik.
Auzotarrok Iruñea geurea eginez leloa hautatu dute lehendabiziko Iruñeko Egun honendako. «Herri mugimenduak egiten ditu auzoak, eta herri mugimenduak egiten du Iruñea. Horregatik, jai egun honetan nahi dugu auzoetan egiten den lan hori ikusaraztea». Hala, 11:00etan hamaiketakoak eginen dituzte Iruñeko hainbat auzotan, eta gero Alde Zaharrera joanen dira, kalejiran. Eta, Iruñearen erdian -Gazteluko plazan- harrera eginen diete.
Ildo horretan, Gora Iruñea! plataformak sari bat sortu du, herri mugimenduaren alde lan egin dutenak urtero sarituko dituena. Auzoetan Olentzero kalejirak antolatzen dituzten batzordeendako izanen da aurtengo lehen sari hau. «Zehatzago, iazko kalejirak antolatzeagatik isunak jaso zituzten iruindarrei eskaini nahi diegu saria. Izan ere, ez da nolanahikoa, zuk zeure borondatez zerbait egitea, jakinda horren truke Udalaren isuna jasoko duzula. Haien lana goraipatzeko modua da saria ematea».
Azken urteetan, ohiko bilakatu da Iruñeko Udalak askotariko trabak eta debekuak jartzea berak zuzenean antolatzen ez dituen jai guztiei. Gaurko hau ez da salbuespena izan. Hala, Gora Iruñea! plataformakoek salatu dutenez, Udala, hasieran, saiatu zen jaia goitik behera debekatzen, baina, oposizioko taldeen lanari esker, ez zuen egin. Gauza bat debekatu du, ordea; jai egunaren diru iturri handiena izanen zena: Jito Alai pilotalkuko karpan paratu nahi zuten barra. «Eguna debekatzeko ezkutuko saioa da, gure ustez. Baina, Udalaren trabak gorabehera, guk geureari eutsiko diogu, eta antolatutako ekitaldi guztiak eginen ditugu».
Iruñeko Egunari kolore gehiago emateko, herri mugimenduak antolaturiko ekitaldietan parte hartuko duten iruindarrei dei berezia egin diete baserritarrez jantzita joan daitezen. «Edo, gutxien-gutxienik, norberaren auzoko edo peñaren zapia lepoan».
[email protected]
Jaiak
Bi San Saturnino egun, gaur Iruñean
Ohiko prozesioa antolatu du Iruñeko Udalak, eta herri mugimenduak ekitaldi sorta oparoa osatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu