Txosnen eremutik kanpo gertatu ziren bi erasoak larunbat gauean, eta konpartsetara jo dute gertatutakoaren berri ematera. Emakumeetako batek salaketa jarri du Udaltzaingoan. Horiek hala, elkarretaratze jendetsua egin dute bart, erasoak gaitzesteko.
Zorion Egileor pregoilariak eta Saioa Dominguez txupinerak ere parte hartu dute elkarretaratzean. Hor salatu dute, hian zuzen, sexu erasoek emakumeen oinarrizko eskubideak urratzen dituztela, bai eta eremu publikoaz eta jaiez gozatzeko eskubidea ere. Hala, berretsi dute ez dutela beste aldera begiratuko halako erasoen aurrean: "Kaleak, gauak eta jaiak gureak ere badira".
Bestalde, adingabeentzako bi zentrotara eraman dituzte Donostian joan den astean gertatutako bortxaketarekin lotuta atxilotutako bi gazteak. Orotara, zazpi eraso salatu dituzte Aste Nagusian: bortxaketa bat, bost eraso ukituekin lotuta, eta beste bat emakumeak grabatzeagatik.
Donostian denera zortzi eraso gertatu direla deitoratu du EH Bilduk, eta kezka eragiteko modukoa dela egoera. "Balantzea ezin da positiboa izan, inondik ere", salatu du Amaia Almirall zinegotziak. Gertatutakoa ez dela "salbuespena" esan du, gainera: "Azken hilabeteetan Donostian eraso sexisten gorakada ikaragarria dago eta Aste Nagusikoa joera horren beste mugarri bat izan da". Aldiz, udal gobernua arloan dagokion erantzukizuna "ekiditen" ari dela kritikatu du. Udalean berdintasun arloko politiken kudeaketa "negargarria" dela uste dute EH Bildun eta zuztarreko aldaketak behar direla.