LABsindikatuak eta Batasunak gogor gaitzetsi dute erabakia, soilik pentsioen sistema pribatizatu nahi dutela arrazoituz. «Badaude bestelako irtenbideak; estatuaren aportazioak eta kotizazio sozialak handitzea, esate baterako».
Berrikuntza garrantzitsuenak
Alarguntasun pentsioak. Aurrerantzean, izatezko bikoteek alarguntasun pentsioa jasotzeko eskubidea izango dute.«Denbora luzean harreman egonkorra» izan dutela frogatu beharko dute «argi eta garbi». Harremanak gutxienez bi urte iraun beharko ditu. Dena den, bikote guztientzako baldintzak gogortu egingo dira.Seme-alabak dituen edozein bikotek, adibidez, hildakoaren diru sarreren %50aren menpe dagoela frogatu beharko du bikotekideak; eta seme-alabarik ezean, gutxienez %75koa izan beharko du menpekotasunak.Kotizatu beharreko denbora. Urte gehiagoz kotizatu beharko da erretiro pentsioa jaso ahal izateko. Egun 15 urtez kotizatzea exijitzen den arren, praktikan, nahikoa da 12,87rekin (4.700 ordu), soldata osagarriak kotizatutako lanegunak balira bezala kontatzen baitira. Hemendik aurrera, ordea, egiazko 15 urtez kotizatu beharko da Gizarte Segurantzan; 5.475 orduz, alegia.
Aurre-erretiroak. Bere borondatearen kontra aurre erretiroa hartzen duen langileari (34 urtez edo gutxiagoz kotizatu badu), 65 urte bete arte geratzen zaizkion urte bakoitzeko %7,5 murriztuko zaio pentsioa. Kaleratze kolektiboen kasuan, enpresak hitzarmen bat sinatuko du Gizarte Segurantzarekin, langileak lanean jarraituko balu bezala kotizatzen jarraitzeko.Hala, ez litzaioke pentsioa txikituko. Kaleratze indibidualen kasuan, ordea, laneko zerbitzu publikoarentzat langileak gutxieneko soldata izango luke langabezian dagoen bitartean. Hortaz, horri dagokiona besterik ez luke kotizatuko langilearentzat.
Sariak erretiroa atzeratzeagatik. Aurre erretiroa hartzea zigortu eta 65 urtetik gora izan eta lanean jarraitzen dutenak, berriz, saritu egingo ditu erreforma berriak. Langileak erretiroa hartzea atzeratzen duen urte bakoitzeko %2 handituko zaio pentsioa, eta 40 urtetik gora kotizatu baditu %3. Hala ere, neurri honek baditu bere mugak. Asko jota, erretiro arrunta hartuta jaso daitekeen pentsiorik handiena baino (egun, 2.232,54 euro) 600 euro gehiago kobratu ahal izango ditu langileak. Enpresaburuek, berriz, 55 urtetik gorako langileak kontratatuta izateagatik hobariak jasoko ditu Gizarte Segurantzari egin beharreko kotizazioetan.
Erregimenak batu. Toledoko Itunaren gomendioari jarraituz, erregimenen egitura erraztuko du erreformak. Nekazaritza Erregimen berezia edota Etxeko Langileen Erregimen berezia dutenek Erregimen Orokorrean kotizatu beharko dute.