Espainiako Auzitegi Nazionalak bina urteko espetxealdira zigortu ditu Asier Petrirena, Ruben Iglesias eta Endika Etura errenteriarrak eta Julen Pardo beasaindarra. Laurei egotzi die 2017ko martxoaren 11n Iruñean egin zen manifestazioaren ondorengo liskarretan parte hartzea. Auzitegiaren ebazpenak larrigarri gisa jaso ditu "objektu mingarriak eta artefaktu piroteknikoak" erabiltzea eta leporatzen zaizkienak manifestazio jendetsu batean eta aurpegia estalita egitea.
Fiskaltzak zazpi urteko kartzela zigorra eskatu zuen auzipetu bakoitzarentzat, desordena publiko terroristengatik.
Auztegiak baztertu egin du fiskaltzaren eskaria. Adierazi duenez, ez da frogatu auzipetuak talde terrorista baten parte direnik, ezta talde jakin bateko kide direnik ere. Horrez gain, argudiatu du ez dela frogatu "ETAren hondarren arrastoa" jarraitu dutenik.
Gaur jakinarazi den Altsasuko auziaren epaian bezala, auzitegiak ez du terrorismo deliturik ikusi, baina kartzela zigorra ezarri die auzipetuei.
Hasiera batean, "desordena publikoak eta terrorismoa" egotzi zien Iruñeko instrukzioko laugarren auzitegiak auzipetutako lau gazteei. Auzitegi Nazionaleko Carmen Lamela epaileak gertakariak "terrorismoa" izan zirela berretsi zuen, eta, beraz, Auzitegi Nazionalak hartu zuen auzia bere gain. "Bake publikoa larriki aztoratzea" leporatu zien Lamelak. Hasieratik eman zuen zeresana instrukzioak.
Lau gazteak istiluen egunean atxilotu zituzten, eta ia zortzi hilabete egin zituzten Iruñeko espetxean preso, behin-behinean.