Bi ustezko ETAkide atxilotu ditu Frantziako Poliziak. Espainiako berri agentziek jakitera eman dutenez, La Nievre departamentuko hiriburu Nevers inguruko errepide batean atxilotu dituzte, 17:30ak aldera. Polizia iturriak aipatuz, agentziek diote atxilotuetako bat Andoni Lariz Bustindui markinarra dela.
Iturri batzuen arabera, kontrola egiten ari zen polizia, eta ustezko bi etakideek ihesari eman diote gelditzeko agindu dietenean. Harrapatu egin dituzte. Berri agentzien arabera, ETAko kide bezala identifikatu dira hasieratik.Bi lagunek pistolak zeuzkatela ere zabaldu dute iturri horiek.
Beste iturri batzuen arabera, berriz, etakideek ez diote ihesari eman, eta gainera, beraien artean gazteleraz ari zirelako ondorioztatu du Poliziak ETAko kideak direla.
Frantziako Barne ministro Manuel Vallsek kargua hartu orduko ohartarazi zuen gogor egingo zuela ETAko kideen aurka, eta ez zuela etsiko haiek atxilotu gabe. Aurtengo aurreneko atxilotuak dira Frantzian. Iaz 19 lagun atxilotu zituzten.