Abdulaye Koulibaly zuen izena, eta 18 urte zituen. Hiru urte behar izan zituen Gineatik Euskal Herrirainoko bidea egiteko. Ez zuen hemen bukatu behar bidea. Frantziara joan nahi zuen, han bizi den osaba batengana. Baina Frantziako Poliziak migratzaileei jarri dien muga hertsiak uretara bultzatu zuen, Irundik Biriatura pasatu nahian, eta han bukatu zen Koulibalyren bidea: Bidasoa ibaian itota. Aurten era horretan hil den bigarren migratzailea da: maiatzaren 22an, Yaya Karamoko Boli Kostako gaztea hil zen ibai berean, itota.
Abuztuaren 8ko goizeko bederatziak aldera atera zuten gorpua uretatik, eta, autopsia eginda, haren osabak gorpua identifikatu behar du gaur. Senideek jakinarazi dute Ginean lurperatu nahiko luketela, baina ez dutela dirurik eta baliabiderik gorpua aberriratzeko, eta laguntza eskatu dute. Webgune baten bidez ari dira dirua biltzen, https://www.lepotcommun.fr/pot/6avbvfcr helbidean. Migratzaileei laguntzeko Gipuzkoako eta Lapurdiko sareak ere ari dira laguntzen diru bilketa horretan.
Diario Vasco egunkariko kazetariak harremanetan jarri dira Koulibalyren familiarekin. Momo Koulibaly aitak azaldu die semea oso gaztea zela etxetik abiatu zenean, duela hiru urte; Frantzian lan bat topatu nahi zuen, familiari laguntzeko. Hiru urte horietan, apenas izan zuten semearen berririk. Ezagun da, ordea, joan den maiatzaren 23an Kanariar uharteetara iritsi zela migratzaile gaztea. Handik Kataluniara bidali zuten, uztailaren 29an, zaurgarritasun egoeran zegoela adierazten zuen agiri batekin. Gurutze Gorriaren esku egon zen Granollersen. Abuztuaren 5ean atera zen handik, Irunera joateko asmoz.
Irungo Harrera Sareko kideek ohartarazi zutenez, ez zen segurua Bidasoa ibaia igerian pasatzen saiatzea, eta hala ohartarazten diete bertara iristen diren migratzaile guztiei. Koulybalyk ez zekien igerian, ordea. Baina hiru egun egin zituen Irunen; ez zuen Frantziara iristeko modurik ikusten, eta ibaira jo zuen, adiskide batekin. Urpean geratu zen aurki, biak eskutik helduta bazihoazen ere. Han ingurutik pasatu ziren beste hiru herritar saiatu ziren gaztea uretatik ateratzen, baina ur-lasterrak eraman egin zituen.