N-1 errepideak ez du bidesaririk edukiko Etxegaraten 2012 hasieran, Gipuzkoako Diputazioko aurreko gobernuak onartu zuen moduan. Eta urte amaieran? Diputazioak ahal badu, ez, uste baitu badaudela beste bide batzuk errepideen kostua ordaintzeko. «Bidesarien kontra gaude, eta bide guztiak aztertuko ditugu bidesaria ez jartzeko». Larraitz Ugarte Diputazioko Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako diputatuak garbi esan zuen beraien asmoa zein den, baina baita ezin duela ziurtatu bidesariekin zer gertatuko den ere.
Izan ere, beste bi faktore ere aintzat hartu behar direla nabarmendu zuen: alde batetik, gogoeta ez dela N-1eko bidesariari buruzkoa bakarrik, Gipuzkoako errepide sare osoaren etorkizunari eta iraunkortasunari buruzkoa baizik; bestetik, aurreko gobernuaren eskutik jaso duten egoera, Bidegik 900 milioi euroko zorra pilatu baitu, azken urteetan egindako errepideek eragindakoa. «Eta zorra ordaindu egin behar da», gogorarazi zuen Bide Azpiegituretako diputatuak.
Erabakia hartu aurretik hainbat lagunekin hitz egingo dutela esan zuen, besteak beste, erabiltzaileekin eta garraiolariekin.
Aralar eta PP ere Etxegarateko bidesariaren kontra daude. PPk proposamen bat aurkeztu du Batzar Nagusietan, doako alternatibarik ez duten errepide handiei bidesariak ez jartzeko. Errepide horien artean daude A-15 autobia, N-121 eta N-1 errepideak.
«Bide guztiak» aztergai N-1ean bidesaria ez jartzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu