Oso lanpetuta ibili da azken asteotan Iñigo Iruin abokatua, eta ostiral arratsaldera arte ezin izan dio tartea egin BERRIAri. Bilbon euskal auziari buruz eginiko mintegi batetik bueltan hartu ditu kazetaria eta argazkilaria Donostiako bulegoan. Esku artean dituen auzien erakusle dira bulegoko paper kaxak. Eta horiekin batera hainbat oroitzapen, gelako pareta eta apaletan barreiatuta: Josu Muguruza lagun minaren argazki bat, Madrilen senatari izan zeneko talde argazki bat, Lizarra-Garaziko akordioaren kopia bat... Itxaropena eta kezka txandakatzen dira abokatuaren hitzetan.
Zerk dauka lehentasuna orain?
Diagnostiko erreal bat egin behar dugu, egungo adierazleetatik abiatuta. Adierazleek diote Espainiako Gobernua blokeo politika egiten ari dela, eta immobilismo hori, gainera, oso oldarkorra izaten ari dela. Gobernuak argi utzi nahi du Aieteko konferentzian egin eta babestu zen diseinua ez dela martxan jarriko. Horrekin batera, eta paraleloki, ez du salbuespen legedia aldatuko, ez ditu desaktibatuko arlo prozesalean, zigor arloan eta espetxeetakoan indarrean dauden mekanismoak. Finean, edozein aldaketa esperantza uxatu nahi du. Normalizazio politikoari mesede egin diezaiokeen legedia aldaketarik ez dela egongo utzi nahi du agerian. Gatazkaren ondorioak lantzeko bide teknikoa kolapsatuta dago, eta denboraren kontrola Espaniako Gobernuaren esku dago. Hori da diagnostikoa.
Egoera horretan, zein da irtenbidea?
Nire ustez, berriz diseinatu beharko litzateke egoera honi aurre egiteko modua. Eta hori ezker abertzaleak egin behar du, bere osotasunean. Beste era batera esanda: bide orri berri bat egin behar dugu, eta horren marrazki politikoak oso kontuan hartu behar du zeintzuk diren egungo legezko baldintzak eta baldintza juridikoak. Kontuan hartuta, gainera, baldintza horiek indarrean mantenduko direla hurrengo urteetan. Gobernuaren jarreran ez da aldaketa sakonik aurreikusten, eta, beraz, poliki-poliki eta urratsez urrats egin beharko dugu bidea, eta pazientzia handia beharko dugu horretarako, oinak lurrean edukita.
Zein oinarriren gainean sortu behar da bide orri berri hori?
Uste dut balio dezaketela Gizarte Foroaren gomedioek, presoen egoeraz diharduten lautik zazpira bitartekoek. Beharrezkoak diren zumeak dauzkate.
Presoek baldintza horiek onartu behar dituztela esan nahi duzu?
Ez, baina bai kontuan hartu behar direla. Estrategia bat diseinatzen denean, estrategia hori eraginkorra eta egokia izan dadin, abiapuntua da errealitatea ondo ezagutzea. Hasierako analisian erratzen bazara, oso zaila izango duzu bidea asmatzea. Espainiako Estatuan, harresi bat dugu parean. Oso sendo ehunduta dagoen harresi bat, lege eta auzitegi berezien bidez, jarrera politiko eta mediatikoen bidez... Harresi hori ezin duzu bota haren kontra aurrez aurre eta zure aldarrikapen guztiekin batera aurka eginez.
Beraz, zure ustez, helburuak berriz zehaztu behar dira?
Helburua baino gehiago, lehentasunak, erreibindikazioetako bati ere uko egin gabe. Argitu zeintzuk balio dezaketen harresia pitzatzeko, ahultzeko. Gobernuaren jarrera da presoen aldeko neurririk ez duela hartuko ETA desegin arte. Beraz, fase politiko honetan helburu nagusia zein den zehaztu behar da, zertan bildu indarrak, eta nortzuekin.
Eta helburuen artean zeinek dauka lehentasuna?
Nire ustez, sakabanaketa eta urrunketa amaitzeak. Ez duelako legezko heldulekurik, erabaki politikoa delako soilik eta gobernua ezin delako legedian oinarritu hori justifikatzeko. Gainera, babes sozial gehien biltzen duen aldarrikapena da: euskal gizartea gehien sentsibilizatuta dagoen alorra. Horrek balio behar du harresia pitzatzeko gai izango den presio soziala sortzen.
Beste alor batzuk legediari lotuak daude: baldintzapeko askatasuna lortzeko edo hirugarren gradua eskuratzeko baldintzak, esaterako. Zer egin daiteke alor horretan?
Estatua, oinarrian, bi tresnokin ari da lanean, Parot doktrina 1973ko Zigor Kodearen pean kondenatuentzat, eta 07/2003 lege organikoa ondoren kondenatuentzat. Azken hori Aznarren gobernuak onartu zuen sozialisten babesarekin, eta helburu argi bat dauka: presoak espetxeetan usteltzea. Hitz horiek erabili zituzten onartu zutenean, eta, praktikan, hala dela ikusten ari gara. Mendekua du xede bakar, eta ez presoaren gizarteratzea edo bestelako helbururik. Lege hori harlauza astun bat izango da presoen egoera hobetzeko. Praktikan, bizi osorako zigorra ari da ezkutatzen, izena bakarrik falta zaiona.
Beraz, ezinezkoa da eskubide horiek lortzea?
Legeak eskatzen duen baldintza multzoa ia amaigabea da, oso zorrotza. Baldintza baino gehiago, oztopo dira, eta, azkenean, eskubideak blokeatzen dituzte. Adibide bat: 40 urteko gehienezko muga bete behar duen presoak, hirugarren gradua eskatzeko, 32 urte beteak behar ditu, eta 35 urte baldintzapeko askatasuna eskatzeko. Kolaborazio aktiboa eskatzen zaie, hala nola barkamena eskatu eta ideologiari uko egitea.
Beraz, zer egin beharko litzateke?
Salbuespenezko estandar horrek desagertu egin behar du. Juridikoki, behin ETAren ekintzarik eza baieztatuta, tratu berdintasuna exiji liteke, eta aukera izatea beste presoek dauzkaten onura eta erregimen bera edukitzeko. 2003an, espetxe politikaren eredu berri bat ezarri zen. Funtsean, etsaiaren aurkako zuzenbidearen filosofia eraman zen espetxeetara, zigorrak betetzeko arlora. Eredu hori indargabetu, eta beste presoen eredu bera ezarri behar zaie euskal presoei.
Eta hori ez bada egiten, zein da irtenbidea?
Lehen esan dudan moduan, errealitatetik abiatuta, bide orri berri bat egin behar dugu, elementu horiek guztiak ahaztu gabe.
Kontu bat da legedia eta beste bat epaileek egiten duten interpretazioa. Hor ez al dago aukerarik?
Bai. Baina hor gertatzen dena da partida jokatzen den auzitegietan —kasu honetan Auzitegi Nazionalean, Gorenean eta Konstituzionalean— indar harremanak oso urriak direla interpretazio aldaketa horren alde. Auzitegi Nazionala terrorismoaren aurkako borroka deiturikoaren brankako irudia izan da, eta une honetan presoen aurkako mendeku politiken eta zigorren gotorlekua da. Euskal Herriko egoera berriak oso eragin txikia izan du han.
Epailetzan ez dago inor akuilu lana egin dezakeenik?
Bai, salbuespenak badaude, baina magistratu horiek ez dira %20ra heltzen. Haiek egindako lana aitortu behar da, baina oso zaila da finkatuta dauden doktrina irizpideak aldatzea. Are gehiago zer datorren ikusita. Datozen bederatzi urteetan Konstituzionalean gehiengo kontserbadorea izango da, eta irailetik aurrera baita botere judizialean ere; auzitegi garrantzitsuenak gehiengo horrek kontrolatuko ditu. Oso aukera gutxi daude auzitegiek beste era batera interpretatzeko aldatuko ez diren lege horiek.
Borondate kontua da ala legedia arazo bat?
Biak. Lehen aipatu dudan magistratuen talde txiki horrek, adibidez, ulertzen du, eta modu egokian nire ustez, salbuespen legedia babesten duen konstituzioaren 55.2 artikuluak lotura zuzena duela jardun terroristarekin, eta ez borroka armatua erabili duen erakundearekin. Garrantzia duena da jarduna, eta ez existentzia. Eta ia bi urte daramatzagu ETAren jardun armaturik gabe. Gainera, salbuespen legedia guztiek definizioz dute behin-behineko izaera. Beraz, jarduna desagertuta, ETA ez disolbatu arren, zuzena da legedi berezi hori guztia desaktibatzea. Baina hemen gertatzen dena da emergentzia desagertu dela, baina salbuespena mantentzen dela.
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak, Parot doktrinari buruzko ebazpenarekin, eragina izan dezake jarrera aldaketa horretan?
Nire ustez, auzitegi horrek berretsi beharko luke duela urtebete kaleratutako epaia. Eta espero eta desio dut epai horrek iraultzea Auzitegi Nazionalaren, Gorenaren eta Konstituzionalaren jarrera. Ebazpen horrek ekartzea magistratuen artean jarrera aldaketa bat. Balio dezala gogoetarako eta egindako bidean atzera egiteko.
Espainiako Gobernuak, halere, iragarri du ebazpena gustukoa ez badu prest dagoela "ingeniaritza juridikoa" egiteko. Zer espero duzu?
Horrek kezkatzen nau. Espainiako Gobernua, magistratu kontserbadoreen bidez, saiatuko baita ebazpen horren ondorioak murrizten, bi bidetatik. Batetik, epaia Ines del Riori soilik dagokiola esanda. Eta, bestetik, epai hori kudeatzen saiatuko da era guztietako trabak jarriz; besteak beste, Espainiako ordenamendu juridikoan ez dagoelako araurik zehazten duena nola bete behar dituen estatuak Estrasburgoko epaiak. Ebazpenari balioa eta eraginkortasuna kentzen saiatuko da. Hala ere, espero dut ebazpenak dardarka jartzea oraingo irizpideak, eta balio izatea une honetan ausardiaz eta korrontearen kontra ari diren epaileen lana hauspotzeko.
Bide politikoa itxita, zuek abokatuok egiteko garrantzitsua izango duzuela uste duzu?
Erabat. Fase berri batean sartu gara. Abokatuok gai izan behar dugu auzitegietan planteatzeko orain arte mahai gainean jarri ez ditugun hainbat ikuspuntu. Orain, lehentasun berezia eman behar diogu presoen egoerari eta espetxeetan jasaten dituzten oinarrizko eskubideen urraketari. Alor horretan lan asko egin daiteke, auzitegiei eman ahal izateko argudio eta tresna juridikoak egoera jakin batzuk bideratzeko.
Adibidez?
Badago Europako arau bat, esparru erabakiaren kategoria daukana, 2008/675, 2008ko uztailaren 24koa. Gure kasuan, hainbat preso daude Frantzian zigorra bete ostean Espainiara eraman eta Espainian ere zigortu dituztenak. Hala ere, Espanian jasotako kondenaren ondorioz bete beharreko urteen kontabilitatean, ez dituzte Frantzian betetako urteak kontuan hartzen. Aipatutako Europako arau hori bete behar da, eta eragina eduki beharko luke 80-100 bat presok bete beharreko urteen kopuruetan; kasu batzuetan, berehala kaleratzea eraginez. Hor presioa egin behar dugu, Espainiako Gobernua atzeratzen ari delako arau horren transposizioa. Frantzian 2010eko uztailetik ari dira betetzen arau hori.
Datozen hilabeteetan berrehun pertsona inguru epaituko dituzte jardun politikoagatik. Zer esanahi daukate auzi horiek?
Legez kanporatzeen zikloa amaitu da, baina ez kriminalizazioarena. Eta horren adibide ditugu epaiketa horiek. Kriminalizazioaren zikloa indarrean dago, eta ez da amaituko urte batzuetan, baina Herriko tabernen auziak edo 35/02 auziak balio dezake erakusteko ziklo horri amaiera jarri nahi zaion edo ez. Epaiketa horretan Auzitegi Nazionalak eta epaimahaiak —oraindik zehaztu gabe— aukera paregabea dute egindako bidea desegiten hasteko eta agerian uzteko kriminalizazio zikloa zuzenbidearen tresna salbuespeneko batzuk erabilita eta oinarrizko eskubideak urratuz egin dela.
Zertan da berezia auzi hori?
Sumario horretan biltzen dira Auzitegi Nazionalak auziak instruitzeko erabili dituen tresna guztiak: polizia da instruktore lana egiten duena, eta epailea da laguntzailea, lan burokratikoa egiten duena; polizien informeak erabiltzen dira ikerketaren oinarri bezala; eta biltze, manifestazio, adierazpen askatasuna eta beste oinarrizko eskubideak mugatzeko tresna bat erabiltzen da: Zigor Kodearen 129. artikulua. Hori hala, auzi honek biltzen ditu ezker abertzalearen aurka ad hoc pentsaturiko zigor prozesu baten ezaugarri guztiak. Kaos bat da sumarioa: pertsonen jokamoldeak ikertzen dira, ez delituzko ekintzak, baizik eta jokaera politikoak: manifestazioak, bilerak, prentsaurrekoak...
Bateragune auzian ere oso antzekoak ziren frogak, baina zigortu egin zituzten. Nola eragin dezake horrek auzi honetan?
Ezker Abertzalearen aurkako sumario guztietan, abiapuntu berdina da: poliziak ETAren ustezko bikoizketa politiko eta militarraren inguruan sortu duen gezurretako tesia. Hortik abiatuta, batean eta bestean harrapatutako dokumentuen intepretazio interesatua eginez, akusazioa mamitzen du. Hori oso garbi ikusi da Bateragune auzian, alegia, Bildu eta Sortu legez kanpo uzteko balio ez zuten agiriak nahikoa izan dira zigortzeko.
Nola ikusten duzu Segiko 40 gazteren aurka urrian egingo den epaiketa.
Jarrai-Haika-Segi erakunde terroristatzat jo zituztenean, argudioa izan zen erakunde horien aktibitatea osagarria zela, kale borrokaren bidez, ETAren jardun armatuarekin. Baina epaituko dituzten gazte horiei ez die fiskalak leporatzen inongo indarkeria ekintzarik, ezta ere leherkariak edukitzea edo gisa horretako aktibitaterik. Akusazioa Segiko paper eta barne dokumentuetan oinarrituta dago. Epaiketa horrek ez dauka zentzu juridikorik.
Gisa horretako prozesuen atzean bultzada politikoa dagoela esan nahi duzu?
Prozesu horien sortzailea epaile bat dela usteak analisi okerrera bideratzen gaitu. Tesi politiko poliziala da, eta epaileak prest egon dira egitura juridikoa jartzeko. Orain dela hamabost urte, PPko gobernuak ezker abertzalearekin zerikusia izan zezakeen guztia desegitea erabaki zuen; eta estrategia horretan kokatu behar dira prozesu horiek.
Epaiketa horiek ez dute tentsioa areagotuko?
Higadura ekar dezake, eta hori da bilatzen dutena: ezker abertzalea lokaztu nahi dute putzutik irten ez dadin, gisa honetako epaiketekin nahas dadin eta indarra gal dezan. Baina pesimismoa gainditzeko moduak martxan daudela uste dut; kalean ikusi ditugun Aske Guneekin, adibidez. Garai berri honetan sentsibilizazio sozialerako ekinbide berriak daude, borroka molde berriak, gisa honetako egoerei aurre egiteko modu berriak... Eta horrek guztiak ilusioa mantentzen du, iniziatiba eta gogoa borrokan jarraitzeko.
Epaileen independentzia ezbaian jartzen ari al zara?
Bai. Auzitegi Nazionalean botere politikoaren esku hartzea ikaragarria da, polizia eta fiskaltzaren bidez. Orain arte auzitegietan egindako bidea desegitera ausartzen den epailea izugarrizko presio baten pean jartzen dute Madrilen. Uribetxebarriaren kasuarekin ikusi dugu. Espetxe Zaintzako epailea blokeatuta utzi dute urtebetez. Hori da egoera. Edo epaileak oso argi dauka zeintzuk diren zigor prozesu demokratiko baten oinarriak, edo Madrilen oso erraza da korronteak eramatea. Ez dugu ahaztu behar zer gertatu zitzaien, 18/98 auzian, Garzonen erabaki batzuk atzera bota zituzten zigor epaileei. Auzitegi Nazionaletik, garbi esanda, bota egin zituzten.
Zergatik uste duzu ari dela Espainiako Gobernua atzeratzen presoen auziaren konponbidea?
Auzi hori konponbidean jartzen badu badaki hurrengo fasea dela arazo politikoarena, eta horren aurrean ez dauka alternatibarik eskaintzeko. Eta interesatzen zaiona da normalizazio eta bake fase amaigabe hori ahalik eta gehien luzatzea, horrek ezker abertzalea behartuko duelako energiak xahutzera.
Aste honetan hiru iheslari atxilotu dituzte Miarritzeko ekitaldiaren harira. Zer esanahi dute zuretzat atxiloketa horiek?
Orain arte esandakoaren testuinguru berean kokatu behar da. Errefuxiatu eta iheslariek agerian utzi dute alde bakarreko urratsak egiteko prest daudela prozesua indartzeko bidean eta ezker abertzalearen apustu politikoari babesa emanez. Baina gobernuari ez zaio interesatzen inork alde bakarreko erabakiak hartzea, prozesuan aurrera egitea ahalbidetzen baitute, eta, era berean, ezbaian jartzen baitute gobernuaren jarrera. Alde bakarreko erabaki horiek oztopatzen saiatzen ari da gobernua. Iheslariei abisua eman nahi die, esanez muga zeharkatzen badute atxilotuak izango direla. Alegia, alde bakarreko erabakirik ez dela egongo gobernuaren filtroa pasa gabe. Hori da mezua: ez da aldebikotasunik egongo, eta, gainera, oztopoak eta trabak jarriko ditu alde bakarreko urratsen aurka.
ESANAK
Diagnosia. "Gobernuak argi utzi nahi du normalizazio politikoari mesede egin diezaiokeen legedia aldaketarik ez dela egongo. Gatazkaren ondorioak lantzeko bide teknikoa kolapsatuta dago".
Sakabanaketa. "Sakabanaketa eta urrunketa amaitzea da lehentasuna. Ez du legezko heldulekurik, erabaki politikoa delako soilik eta gobernua ezin delako legedian oinarritu hori justifikatzeko".
Kriminalizazioa. "Herriko tabernen auziak balio dezake erakusteko kriminalizazioaren zikloari amaiera jarri nahi zaion edo ez . Auzi honek biltzen ditu ezker abertzalearen kontra ad hoc pentsaturiko zigor prozeduraren ezaugarri guztiak ".
Iheslariak. "Gobernuari ez zaizkio interesatzen alde bakarreko urratsak, prozesuan aurrera egitea ahalbidetzen dutelako. Hori da mezua: ez da aldebikotasunik egongo, eta, gainera, oztopoak eta trabak jarriko ditu gobernuak alde bakarreko urratsen aurka".