Fiskalak ea «independentzia lortzeko indarkeriazko bideak erabiltzearen aldekoak» diren galdetuta, bide politiko, demokratiko eta baketsuen alde egiten dutela erantzun dute 2009ko Lekeitioko istiluekin lotuta Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitutako gazteek. Fiskalak bi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen zuen zazpi auzipetuen aurka, kale erasoetan parte hartu eta «kalte terroristak» eragin izana egotzita. Azkenean ordea, akordioa lortuta, fiskalak urtebetera jaitsi du zigor eskaera. Antzara egunean atxilotu zituzten zazpi gazteak—beste bat ere atxilotu zuten, baina ez zuten auzipetu—. Ertzaintza euskal presoen argazkiak kentzera joan zen txosnetara, eta istilu gogorrak izan ziren ondoren.
Atzo eta gaur egitekoak ziren zazpi gazteen aurkako epaiketa, baina hogei minutu eskas iraun du azkenean. Lekeitioko alkate Maitane Larrauri eta alkateorde Pili Robles ere (Bildu) bertan izan dira, auzipetuei babesa erakusteko. Lekeitioko dozenaka herritar ere deituta zeuden lekuko gisa deklaratzera, baina fiskalarekin akordioa lortuta, leporatzen zitzaizkien karguak onartu dituzte auzipetuek. Eragindako kalte ekonomikoak ere bere gain hartu dituzte.
Udalen salaketa eta babesa
Epaiketa dela eta, elkartasuna adierazi diete zazpi auzipetuei Lekeitioko eta Ondarroako udalek eta Gernika-Lumoko udal gobernuak —auzipetuetako bat ondarroarra da, eta bi, gernikarrak—. Lehenak mozio bat onartu zuen irailaren 13an, eta epaiketa bertan behera uzteko eskatu zuen; edo hala ez balitz, auzipetuak aske uzteko. Bilduren aldeko botoekin onartu zuten adierazpena; EAJk, aldiz, aurka bozkatu zuen. Horretaz gain, «egian eta justizia sozialean oinarritutako bakea» aldarrikatu zuen Lekeitioko Udalak, halakorik berriz gerta ez dadin. Ondarroako Udalak ere adierazpen bat kaleratu zuen asteartean, gauza bera eskatuz, eta argazkien auziaren inguruan Ertzaintzak izandako jarrera «beldurgarria» gaitzetsi zuen. Uda berean, ertzainek Gernikan ere «izua zabaldu» zutela gogoratu du bertako udal gobernuak.
Bestalde, epaiketa hori bera tarteko, «errepresio politika» amaitzekoeta auzipetuak aske uzteko eskatu zuen Bilduk Bizkaiko Batzar Nagusietan joan den asteartean. Bertan izan ziren auzipetuetako batzuk ere.
Bide politikoa hobetsi dute Lekeitioko istiluekin lotuta epaitutako gazteek
Zazpi auzipetuek akordioa lortu dute fiskalarekin, eta hark urtebetera jaitsi die zigorraren eskaera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu