Bidea egiten hasi dira Nafarroan, igandeko manifestaziotik abiatuta

«Presoek jasaten dituzten muturreko egoerak» salatzeko deia egin zuen Egin Dezagun Bidea ekimenak

Aspaldiko manifestaziorik handiena egin zuten igandean, Iruñean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
2011ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
3.000 pertsona inguru bildu zirenEskubide guztiekin, euskal presoak Euskal Herrira lelopean egindako manifestaziora Iruñean. «Preso politikoek jasaten dituzten muturreko egoerak» salatzea zuen helburu Egin Dezagun Bidea mugimenduak iganderako deitu zuen manifestazioak. Azken hilabeteetan Iruñeko kaleetan egin den protestarik jendetsuena izan zen.

Gaztelu plazan irakurritako komunikatuan, «guda eta mehatxuz betetako kartzela politika» egitea leporatu zioten Espainiako Estatuari. Sara Txibite eta Esther Compains komunikatuarenirakurleek, gainera, adierazi zuten manifestazioa «gatazka armatuaren amaierarako aurrerapausoa» zela, eta, horren harira, estatuari Presoen Kolektiboak bizi behar izaten dituen «muturreko egoerak» amai daitezen eskatu zioten.

Espainiako Auzitegi Gorenaren 197/2006 epaia —Parot doktrina gisa ezagunagoa dena— bertan behera uzteko eskaera ere egin zioten Espainiako Gobernuari. Hortaz, «gaixotasun kronikoak dituzten eta epaiaren hiru laurdenak bete dituzten kartzelatuak aske utz ditzaten» eta «preso politikoek jasaten dituzten muturreko egoerak gizartean ezagutarazteko eta beren eskubide sozial eta politikoak babesteko» aldarrikapena egin zuten. Gainera, Espainiako eta Frantziako espetxeetan 108 preso nafar daudela eta hori dela-eta familiek bisitan joateko errepidean batez beste 670 kilometro egin behar izaten dituztela adierazi zuen Egin Dezagun Bidea ekimenak. Horrez gain, presoen senideek istripuak izaten dituztela eta 2003. eta 2004. urteetan errepideetan bi lagun hil zirela esan zuten ekimenaren bultzatzaileek.

Babes zabala

Egin Dezagun Bidea sortu zenetik, hainbat eragile atxiki zaizkio ekimenari. Manifestazioan parte hartu zutenen artean hauek zeiden: LABeko Igor Arroyo eta ESK-ko Xabier Barber. Baina ez ziren izan bakarrak; izan ere, Bilduren Nafarroako parlamentari gehienak eta Aralarreko Txentxo Jimenez ere, parlamentuko presidenteordeetako bat, han izan baitziren.

Horrela, Gernikako Akordioaren sinatzaileak normalizazio demokratikoa lortu ahal izateko, konpontzeko dagoen arazo baten aurrean agertu ziren.

Etxerat-eko Mattin Troitiñok honakoa esan zuen: «Horrelako mobilizazioak beharrezkoak dira, estatuak erabiltzen duen sakabanatze kriminalari amaiera emateko. Gatazka armatuaren amaiera lortzeko, Euskal Herriko herriek egin dezaketen presioak gaitasuna du politikariak egoerara horretara eramateko ».

Herri Bilguneak

Manifestazioaren antolatzaileek deia egin zuten Nafarroako herri eta auzoetan Herri Bilguneak egiteko, hau da, tokian tokiko elkarretaratzeak egiteko deialdia. Horrez gain, bertaratu ziren herritarrei elkarretaratzeak egiteko eskatu zieten hil amaierako ostiraletan .

Dinamika horren barruan sortu zen Donibaneko Herri Bilgunea. Horrelako ekimenak egiten lehenetarikoak izan ziren Iruñeko Donibane auzoan. Gaur egun Donibaneko hamabost bizilagun Espainiako eta Frantziako kartzeletan daudela-eta, ekimena aurrera ateratzea erabakizuten.

Urkabustaiz (Araba) da beste adibideetako bat. Espetxeratuta dauden hogeita hamar bizilagunei babesa adierazteko bildu dira herritarrak aste honetan. Pixkanaka bada ere, horrela, euskal presoen arazoaren amaiera gertuago egongo dela adierazi du Egin Dezagun Bidea mugimenduak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.