Astelehenean, martxoak 23, taldeen ekarpenak jasoko ditu Txarolak, eta asteartean eztabaidatuko dute batzordean. Hilaren 30eko osoko bilkuran bozkatuko dute behin betiko testuaz.
"Frogekin eta agerraldiekin, argi geratu da lur horiek ez daudela Basagoiti-2n". Hala dio Bidegiko ikerketa batzordeko buru Lohitzune Txarolak batzordearen ondorioez idatziriko zirriborroan. Zehaztu duenez, 1,3 milioi metro kubo lur zeuden Basagoiti 2-n, lanen likidazioan 2,2 milioi metro kubo ageri ziren arren.
Lurra biltegian ez dagoela berretsi zuten batzordean Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi ohiak eta Eneko Goia bide azpiegituretako diputatu ohiak; haien arabera, autobideko lanetarako erabili zuten, betelanak-eta egiteko. Ondorioen zirriborroan, ordea, Txarolak nabarmendu du "ulergaitza" dela lurrak Basagoiti 2-ko biltegira eramateagatik ordaintzea, hala egin ez bazen. Erantsi du Olanok esandakoak egia izanda ere "irregulartasun kontable" bat izango litzatekeela hori.
EAJ: "Botoak izango dituzte, baina arrazoirik ez"
Eider Mendoza EAJko batzarkideak nabarmendu duenez, "argi" geratu da auzia diputazioaren eta Larraitz Ugarte bide azpiegituretako diputatuaren "salaketa faltsu" batean oinarritzen dela. Haren ustez, batzordeaz "EAJren kontrako erabilera zikina egitea" izan da Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburua.