Gipuzkoako errepideak kudeatzeko Bidegi sozietatean ustez izandako irregulartasunak ikertzea erabaki dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek. AP-1 autobidean egin gabeko obra batzuengatik 3,4 milioi euro ordaindu zirelakoan, auzitara jo zuen Gipuzkoako Diputazioak. Azpeitiko auzitegia ari da kasua aztertzen ―hiru lagun inputatuta daude―.
Auzitegietako bidea aurrera doa, baina “ardura politikoak argitzeko” asmoz, Batzar Nagusiek ikerketa batzorde bat sortuko dute. Osoko bilkurak hartu du erabakia; Bilduk, Aralarrek eta PPk eman dute aldeko botoa, eta kontrakoa EAJk eta PSE-EEk.
Bidegin ustez egindako ordainketa okerren atzean ardura politikoak daudela uste dute batzordearen alde bozkatu duten taldeek. “Jendeak jakin behar du bere diruarekin zer egin zen”, nabarmendu du Iban Asenjo Bilduko batzarkideak. PPko eledun Juan Carlos Canok adierazi du “exijentzia soziala” dela Bidegin zer gertatu zen argitzea. “Ez dago itzalerako eta susmorako tarterik: zalantzaren aurrean, gardentasuna”.
Hilabete pasatxoko epea
Denbora estu izango dute Batzar Nagusiek. Martxoaren 31n desegingo dira. Hain zuzen ere, horri heldu diote EAJk eta PSE-EEk ikerketa batzordearen kontra egiteko; bermez ikerketa egiteko astirik ez dagoela diote. Julio Astudillo batzarkide sozialistak ohartarazi du batzarkideen eskubideak urratuko dituela batzordeak. Gaia hurrengo agintaldirako uztea proposatu du, ikerketa “baldintza egokietan, barmeekin eta denborarekin” egin ahal izateko.
Bide beretik jo du EAJko ordezkari Eider Mendozak ere. Haren esanetan, Larraitz Ugarte Bide Azpiegituretarako diputatua “zerbaiten bila” aritu da agintaldi osoan. “Susmoak zabaldu nahi izan ditu”. EAJk ohartarazi du “kudeaketarako gaitasun falta” ezkutatzeko jarri duela susmopean aurreko kudeaketa ―Deskargako lanak eten izana jarri du adibide―. Defendatu egin du aurreko gobernuaren jarduna. Ikerketa taxuz egiteko astirik ez dagoela nabarmendu du Mendozak ere. “Hau hasieratik dago kalkulatuta. Egia ez zaie inporta: kontakizun bat egina dute, eta ez dute denborarik utzi nahi egia jakiteko”.
Batzordea publikoa izango da ―horren alde bozkatu dute talde guztiek―. Hurrengo urratsa izango da batzordea bera osatzea eta egutegia zehaztea; agerraldiak eskatzeko aukera izango dute orain batzarkideek.