EHNE sindikatuaren iritziz, gehiago kontrolatu beharko litzateke basurde kopurua, eta ugaltasunaren adibide bideo bat bidali dute BERRIAra, Urbian grabatutakoa. "Iaz 300 kasu baino gehiagoren berri eman zuten baserritarrek EHNEn eta aurten ere kopurua altua da".
Gipuzkoako Aldundiari neurri gehiago hartzeko eskatu diote. Izan ere, aurten otsailean uxaldi epea luzatu eta hurrengo ehiza denboraldia lehenago hastea erabaki zuen arren, basurde kopuruak gora egin duela dio EHNEk, eta horrekin batera, kalte kopuruak ere.
"Neurri prebentiboen barruan, Aldundiak Ehiza Federazioaren bidez hesi elektrikoak jartzea proposatu zuen, baina horrek ez du ekidin basurdeen neurri gabeko ugalketa", gaineratu du. Neurri eraginkorragoak ezartzeaz gain, kalteengatik baserritarrek jasotzen dituzten kalteordainen balorazio taula berritzeko ere eskatu diote Aldundiari.