Bideoanalisia eta erreakzioak

Bizkor joan da hauteskundeetako bozen kontaketa, eta berehala plazaratu ahal izan dituzte talde politikoek lortutako emaitzen inguruko balorazioak. BERRIAk bideoanalisia egin du.

arantxa iraola
2016ko irailaren 26a
08:34
Entzun

Hauteskundeetako emaitzak aztertu dituzte bideo batean Iñaki Petxarroman BERRIAko zuzendariordeak eta Enekoitz Esnaola Politika saileko kazetariak.

[Youtube]https://youtu.be/fURZQC12jG4[/Youtube]

Hauteskunde gauean bertan, Oihana Elduaien, Gurutze Izagirre eta Ainhoa Oiartzabal BERRIAko kazetariek emaitzak aztertu dituzte Berria TBren bideo batean.

[YouTube]https://youtu.be/JHGbm6eTGz4[/YouTube]

Erreakzioak

Bozen kontaketa amaitu arte itxaron dute ordezkari politiko gehienek emaitzen inguruko iritzia agerian uzteko. Hara jasotako zenbait adierazpen:

Iñigo Urkulllu (EAJ):

"EAJk kanpaina eredugarria egin du; emaitzak bistan dira. Gaur gizarteak etorkizunera begiratzea hautatu du". EAJren lehendakarigaiarentzat lehentasuna izango da herritarren "ongizatea bermatzea", eta azpimarratu du "autogobernu handiagoa" beharrezkoa dela horretarako. "Akordio politiko berri bat bermatuko dugu, [Espainiako] Estatuarekin alde biko harremana eta nazio izaera aitortuko duena". Independentziaren aldeko oihuak entzun ziren Urkullu Sabin Etxetik kalera irten zenean.

Arnaldo Otegi (EH Bildu):

"Bigarren indarra gara. Alternatiba herri honetan ezkerreko independentismoa da". Otegiren esanetan, koalizio abertzalearen ekaineko emaitza txarren aurrean, "batzuen ametsa zen ezker subiranismoa desagertuko zela herri honetan, laugarren indarra bilakatuta, behin betiko independentismoak ez lukeela izango etorkizunik". Horren zain zeuden arerio politikoei gogorazi zien bigarren indarra direla, 225.000 boto eskuratu dituztela, hamazazpi eserleku lortu dituztela eta lehia estu-estua izan duela EAJrekin Bizkaian. 18. eserlekua dantzan egon zen azken unera arte.

Pili Zabala (Elkarrekin Podemos):

"Gure emaitza historikoa da: hori errealitatea da. Gaur, kontsolidatu egin da gure esparru politikoa. Emaitza ona da, eta harro gaude". "Ezberdinen arteko unean uneko akordioen legealdia" izango zela esana zuen Zabalak. EAJren eta PSE-EEren baturak gehiengo osoa emateak, ordea, mugitzeko tarte gutxiago utz diezaioke Elkarrekin Podemosi. Gai sozialetan, esaterako, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EEren artekoa izan zitekeen ardatzik erosoena koalizio morearentzat, baina batura hori ere 37 legebiltzarkidetan geratu da, gehiengo osorik gabe.

Idoia Mendia (PSE-EE):

"Emaitza txarrak izan ditugu, baina bederatzi legebiltzarkide ditugu hemen". Agerraldi laburra egin zuen, eta eduki handietan sartu gabe. "Indar berrien agerraldiari" eta "parte hartze apalari" egotzi zien jaitsiera: "Bederatzi hilabetean hirugarren aldiz bozkatu dute herritarrek, eta Espainian egoera politiko asaldatua izanda".

Alfonso Alonso (PP):

"Oso pozik nago emaitzekin; egun zaila zen, eta ongi eutsi diegu emaitzei. Harro nago PPko kide izateaz". Bozetan emaitza "bikaina" izan dutela ziurtatu zuen Javier de Andres Arabako PPko presidenteak. "Hasi da PPren susperraldia leku guztietan irabazteko", argudiatu zuen. Boto kopuruan PPren emaitzarik eskasena da 1990. urtetik Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde batzuetan. 2012. urtean baino %17 gutxiago eskuratu dituzte. Hori bai, iazko foru hauteskundeetan baino 6.000 boto gehiago bildu dituzte.

Nicolas de Miguel (Ciudadanos):

"Epe luze eta ertainerako egitasmo bat da. Ez ezazue ilusiorik gal, lanean jarraituko dugu". Araban lortu ditu emaitzarik onenak Ciudadanosek. Botoen %3 pasatxo lortu ditu. Haatik, duela lau urte Gorka Maneirok baino boto gutxiago izan ditu herrialdean Nicolas de Miguel hautagaiak, eta, horregatik, Eusko Legebiltzarretik at geratu da. Bizkaian eta Gipuzkoan Albert Riveraren alderdia ez da gai izan %2ko langa gainditzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.