HAUTESKUNDEAK BOISEN

Bieter euskalduna aukeratu dute alkate, gehiengo osoz, Boisen

Idahoko hiriburuko Euskal Etxean ospatu zuen garaipena hautagai demokratak astearte gauean

Imanol Murua Uria.
DONOSTIA
2003ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Boisek, Idahoko hiriburuak, alkate euskalduna izango du, Dave Bieter hautagai demokratak gehiengo osoz irabazi baitzituen joan den astearteko udal hauteskundeak. Hauteskunde gaueko ospakizuna Boiseko Euskal Etxean egin zuten Bieterrek eta kanpainan laguntzaile izan dituenek, haien artean Boiseko euskal komunitateko kide asko.

Idahoko Kongresuak Euskal Herriaren autodeterminazioaren alde iaz onartutako ebazpenaren Idahoko Memoriala sustatzaile nagusietakoa izan zelako egin zen ezagun Dave Bieter Euskal Herrian. Bieter proposamena ere esaten zaio ebazpenari, Ordezkarien Ganberako kide izanik berak aurkeztu baitzuen idazkia. Alkatetza hartzeko utzi egin beharko du, orain, Ordezkarien Ganbera.Dave Bieter zen alkatetzarako hauteskundeen faborito nagusia, azken inkestetan beste hiru alkategai eskuindarrei aurrea hartua baitzien nabarmen, baina ustekabea izan da gehiengo osoa lortuta bigarren itzulira joan beharrik gabe alkatetzaz jabetzea. Bieter abokatu euskal-amerikarrak botoen %52 lortu zituen (22.320 boto), Chuck Winder enpresarioak %26 (11.230), Vaughn Killeen sheriff-ak %19 (8.168) eta Max Mohammadi enpresarioak %3 (1.313).Aurreko alkateak, Brent Coles errepublikarrak, ustelkeria auzi batengatik dimisioa eman zuelako egin dira orain udal hauteskundeak Boisen. «Ez dago nire jaioterriko alkatea izatea baino ohore handiagorik», adierazi zien Dave Bieterrek herenegun gauean, Euskal Etxeko festan bildutako jarraitzaileei. Euskal Etxeko hormetan, ohiko ikurrin eta euskal ikurrez gain, Bieterren kanpainan parte hartu duten 450 boluntarioen izen-abizenak zeuden idatzita.Alkategai demokrata bakarra zen Dave Bieter, baina botoa Alderdi Errepublikarrari eman ohi dioten hainbatek oraingo honetan hautagai demokrataren alde egin dute, batik bat euskaldunen komunitatean. Pete Cenarrussa Estatu idazkari ohi errepublikarrak, esate baterako, Bieterren aldeko botoa eskatu zuen, bere ustez «garrantzitsuena Boisek alkate euskalduna eta Euskal Herriaren aldekoa edukitzea» delako, Berriari esan zionez.Euskal komunitateak laguntza erabakigarria eman diola aitortu zuen Dave Bieterrek: «Euskaldunak izan dira nire babesle nagusiak apustu honetan», esan zion Berriari hauteskunde egunaren aurretik. Kanpaina finantzatzeko 200.000 euroak herritarren ekarpenekin bildu zituen Bieterrek, eta «batik bat euskaldunek» egin zituzten ekarpenak, bere hitzetan.Boisek 200.000 bizilagun inguru ditu, eta horietatik 15.000 inguru euskal jatorrikoak dira. Euskal diasporako kidego handiena da Idahokoa.

Bigarren belaunaldikoa

Dave Bieter, 44 urteko abokatua, 1999an sartu zen politikagintzan: bi gurasoak auto istripuz hil zirenean sartu zen Idahoko Ordezkarien Ganberan, Pat aitak utzitako hutsunea betetzeko lehian nagusitu ondoren.Geroztik berriro ere hautatu zuten Ordezkarien Ganberako kide, Idahoko19. barrutiko ordezkari.

Amarengandik datozkio, berriz, euskara eta Euskal Herriarekiko kezka. Eloise Garamendia, jatorri bizkaitarrekoa, Boiseko euskal komunitatean oso ezaguna zen, eta hala dira orain ere Dave bera eta honen anai-arrebak Chris epailea eta John eta Mary irakasleak, denak euskal hiztunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.