Martxoaren 2an Lizarran (Nafarroa) egindako kongresuan aurkeztu zuten Ernai, Zukgua prozesu eratzailearen ondoren. Euskal Herri osoko 2.500 gazte inguruk parte hartu zuten eratze prozesuan. Atzotik astelehenera, Ernairen "lana eta filosofia" islatu nahi duen jaialdia antolatu dute Urduñan (Bizkaia). Atzo bezala, gaur ere askotariko ekitaldiak prestatu dituzte egun osorako, eta ehunka lagun parte hartzen ari dira hainbat jardueratan.
Eguraldia lagun, goizetik jende ugari biltzen hasi zen atzo Urduñara. Motxilak eta bestelako trasteak soinean, kanpa dendak jartzeko tokia hartu zuten gazteek. Eguerdi aldean, harrera ekitaldia egin zuten. Halaxe adierazi zuten han Ernaiko ordezkariek: "Lau egun hauetan biziko duguna, sentituko duguna, betirako gure buru ta bihotzetan eramango dugu". Ondoren, musika doinuak eta kantuak ere ez ziren falta izan, eta Urduñako kaleak bete zituzten milaka gaztek. Hitzaldi eta tailerretan 830 lagunek parte hartu zuten atzo, Ernaik jakinarazi duenez.
"Indar berezia" eguneko ekitaldiei
Nazioarteko ordezkari ugari ere gonbidatu dituzte jaialdira: bai Europako beste herrialdeetakoak, baita Saharakoak, Kurdistangoak, Kolonbiakoak eta Palestinakoak ere.
Joan den asteko ostegunean ekin zioten Urduñan guztia prest uzteko lanari. Muntatze lanak "erritmo politean" joan direla dio Ernaiko bozeramaile Gotzon Elizburuk. "Gainera, ostiraletik aurrera, gazte mordoa arituko da lanean", nabarmendu du.
Gauetan kontzertu ugari ere izango diren arren, "indar berezia" eman nahi izan diete eguneko ekitaldiei. 60tik gora ekitaldi izango dira hitzaldi, tailer, ikastaro eta abarren artean. Larunbatean, esaterako, Nekane Juradok hitzaldia emango du sare sozialen eta herri mugimenduaren inguruan, eta hegemoniaz eta borroka ideologikoaz ere ariko dira Lapiko Kritikoa kolektibokoak. Euskal kantagintza berriari buruzko ikuskizuna ere eskainiko du Morauk. 20:00etan, berriz, jaialdiko ekitaldi nagusia egingo dute.
Aberri Eguna izaki, martxa eta ekitaldia egingo dituzte igandean, eta ezker abertzaleak hitzaldia emango du euskal estatua lortzeko bideez. Azkenik, astelehena Urduñako herritarrei eskerrak emateko baliatu nahi izan dute.