HONDAKINEN KUDEAKETA. GIPUZKOAKO ERRAUSTE PLANTAK

Bigarren errauste planta Donostiako Aritzetan jartzea erabaki dute

Odon Elorzak erabakia «politikoa» izan dela salatu du eta ez du bozketan parte hartu nahi izan

Agurtzane Solaberrieta Mesa.
ERRENTERIA
2004ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Gipuzkoako bigarren errauste planta Donostiako Loistegiko gainean, Aritzetan, Usurbilgo lurren mugan, eraikiko da. Horixe erabaki zen atzo Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorreko Jarraipen Batzordeak San Markoseko Gotorlekuan eginiko bileran. Bilkura horretan zazpi mankomunitateetako presidenteek eta errauste planta jartzeko hautagai ziren zortzi alkateek Gipuzkoako Foru Aldundiak eginiko azterketa teknikoan proposatu ziren bederatzi kokaguneetatik bat aukeratu behar zuten: Bergara (Aldeta-San Kristobal), Villabona (Amasamendi), Usurbil (Arpita-Zaharra), Zubieta (Ezkuzaitzeta), Donostia (Loistegiko gaina), Zestoa (Oliden), Urnieta (Pagoadarraga), Ormaiztegi (Sasieta I) eta Beasain (Sasieta II).

Bileran Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko diputatu Luis Maria Oiarbide eta Batzar Nagusietako ordezkari politikoak ere izan ziren.

Bozketa, Odon Elorza gabe

Aukeraketa bozketa bidez egin zen, eta Donostiako Loistegiko gaineko aukerak hamar boto izan zituen. Villabonako Amasamendik bi boto jaso zituen, Urnietakoak bat, eta boto bat zuria izan zen. Donostiako alkate Odon Elorzak ez zuen bozketan parte hartu, eta bileratik «haserre» atera zen. Bere esanetan, errauste planta kokatzeko erabakia «politikoa» izan da: «EAJk eta EAk erabakia inposatu egin dute arrazoi politikoengatik».

Behin betiko kokagunearen erabakia atzeratzeko eskaera gainontzekoek onartu ez zutenez, bozketan parte ez hartzea erabaki zuen Odon Elorzak. Bozketan parte hartu ez izanak ez duela aurrerantzean «zertan arazoa izan behar» adierazi zuen Luis Maria Oiarbidek, eta Elorzak eginiko salaketei buruz ez zuen ezer esan nahi izan. San Markos mankomunitateko presidente eta Donostiako Udaleko EAJko bozeramaile Roman Sudupek, ordea, gaiaz mintzatu nahi izan zuen: «Pentsatu nahi dut lehengo astean San Markoseko bileran PSE-EEk Villabonako Amasamendiko aukeraren alde azterketa teknikoen ondorioz egin zuela, eta ez arrazoi politikoengatik». Villabonako udalean EAJ dago alkatetzan.Donostiako Udalak kokagunearen erabakia ea bertan behera utz ote dezakeen galdetuta, auzi hori planteatzeko unea ez dela erantzun zuen Oiarbidek: «Bide juridikoak eta administratiboak badaude, mahai gainean jartzen den guztiari erantzuna emateko. Hala eta guztiz ere, elkarlanerako dosi nahikoarekin, lana elkarrekin egin dezakegu, eta norabide bakarrean». Odon Elorza berak ere ez zuen argitu Donostiako Udala erabakia geldiarazten saiatuko den edo ez eta galdera horrek oraingoz ez duela erantzunik gaineratu zuen. «Animoak hoztu behar dira eta gertatu den guztia lasai aztertu behar dugu. Denborak esango du, bitartean ezin dugu ezer gehiago esan», esan zuen.

Zaborrarekin zer egin ez da oraindik erabaki

Luis Maria Oiarbidek, bestalde, San Markoseko zabortegia itxi eta gero, eta errauste planta eraiki bitartean, Donostialdeko zaborrarekin zer egin aztertzen ari direla adierazi zuen.

Hiru aukera dituztela esku artean azaldu zuen: «Herrialde osoan zaborra tratatzeko sistema bakarra ezartzea; aldi baterako zabortegia eraikitzea; edota zaborra beste herrialde batera eramatea».

-

Bilerako akta





Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plan Orokorreko Jarraipen Batzordeko parte diren entitateetako ordezkariek, gai zerrendako puntuen inguruan izandako eztabaida luze baten ondoren, honakoa adostu dute:

1. Donostian aurkitzen den Loistegiko gaina hautatzea kokapen egoki bezala. Donostiako Udaleko ordezkariak botorik eman ez duela adierazi behar da.

2. Donostiako alkateak aurkezturiko idatziaren hirugarren puntuan aipatzen dena Jarraipen Batzordeak bere egitea. Bertan egiten diren eskaerak prozesuan zehar argituko dira, ez epe motzean.

3. Jarraipen Batzordea osatzen duten entitate guztiei hiri hondakinak goi sarean kudeatzeko, Foru Aldundiak eta Mankomunitateak elkarrekin eta modu koordinatu batean beraien konpetentziak garatu eta beharrezkoak diren azpiegitura berrien exekuzioari aurre egiteko helburuz, bilduko dituen kontsorzioaren estatutu zirriborroa zabaltzea.



-

Aurrera begirako urratsak





Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plan Orokorreko Jarraipen Batzordeak bigarren errauste planta Donostiako Loistegiko gainen eraikitzea adostu zuen atzo. Beraz, behin betiko kokagunea erabakita, honako urratsak falta dira egiteko:

Behin betiko erabakia: Atzo Jarraipen Batzordeak erabakitakoa, Gipuzkoako zazpi mankomunitateek eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek berretsi egin beharko dute. Batzordearen nahia, erabakia uztailean bertan berrestea da.

Azterketa sakonagoa: Hurrengo hilabeteetan kokagunearen azterketa sakonagoa egingo dela aurreratu zuen atzo Luis Maria Oiarbidek. Azterketan era guztietako analisiak egingo dira: analisi urbanistikoak, sanitarioak, ingurumen azterketak...

Proiektua: Urrirako plantaren proiektua egin nahi dute. Bost urte barru martxan izan nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.