Bigarren greba egunean, irakasle gutxiago baina jendetza batu da

Sindikatuen arabera, %60 inguruk egin dute bat lanuztearekin; Iruñean manifestazio jendetsua eta koloretsua egin duteHezkuntza Departamentuak ez du asmorik atzera egiteko; gaur bilera du sindikatuekin

Bi neskato atzoko murrizketen aurkako entzierroan parte hartzen, zuriz jantzita. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Pixka bat gutxiago. Geletan behera egin zuen unibertsitatetik kanpoko Nafarroako hezkuntza arloko grebaren oihartzunak atzo. Irakasleen %60 inguruk egin zuen bat lanuztearekin, sindikatuen arabera; % 31,8k, berriz, Nafarroako Gobernuaren hitzetan. Karrikan, hala ere, maiatzaren 22ko greba egunean bezala, jendetza izan zen murrizketen aurkako protestetan; bigarren greba zen atzokoa, izan ere. Gurasoek eta irakasleek babes handia eman zioten sindikatuek atzo antolatu zuten lanuzteari, eta manifestazio jendetsua eta koloretsua egin zuten Iruñeko karriketan barrena. Hiriburutik at ere, Nafarroako hamaika herritan egin zituzten kalitatezko hezkuntza publikoaren aldeko mobilizazioak. Hezkuntza Departamentuak ez du egin, orain arte, murrizketak bazter uzteko urratsik.

«Sekulakoa da hezkuntza komunitateak antolatzeko erakutsi duen gaitasuna; herri guztietan ari dira zerbait egiten, eta hori oso garrantzitsua da; hezkuntza komunitatearen eta gizartearen parte hartzeak gainditu egin ditu sindikatuon aldarrikapenak», nabarmendu du LABeko kide Expe Iriartek. Gau osoko itxialdia egin zuten herenegun, bertzeak bertze, Lizarrako ikastetxean eta Iruñeko Txantrea auzoko Eunate institutuan.

Iruñean, sindikatuek antolatu manifestazioa hasi baino lehen, eguerdian, hezkuntza publikoaren aldeko entzierroa egin zuen M29 Gora San Grebin herri ekimenak. Zuriz jantzita agertu ziren irakasleak, ikasleak eta gurasoak, zapi gorriak lepoan jarrita. Ondorioz, sanferminetako giroa hartu zuen protestak eta, kartoizko zezentxoen aurrean korrika egiten hasi baino lehen, murrizketen aurkako eta kalitatezko hezkuntzaren aldeko abestia eskaini zioten parte hartzaileek San Grebin santu jaio berriari.

Hamaika ikastetxetako kideek egin zuten bat atzoko entzierro bereziarekin. Hezkuntza Departamentuaren egoitzaren paretik abiatu zen protesta eta, Udaletxeko Plazan eta Estafeta karrikan gora egin eta gero, Sarasate pasealekuan amaitu zen. Sindikatuen deialdiarekin bat egin zuten han parte hartzaileak.

Eguerdirako, jendez eta pankartaz beteta zegoen pasealekua. Hainbat erraldoik eta kilikik ere bat egin zuten manifestazioarekin, eta besta giroa eman zioten protestari. Koloretsua eta zaratsua izan zen, hasi eta amaitu arte. Sindikatuen ustez, lehen eguneko parte hartzaile kopurua gainditu zuen atzoko manifestazioak. Aurrekoan, 12.000 manifestari inguru izan ziren.

Hilaren 22ko manifestazio hartan gertatu bezala, Espainiako Poliziak zaindu zituen atzo manifestariak ibilbide osoan; 112 larrialdietarako zerbitzuko helikopteroak ere, entzierroa hasi zen une beretik, zerutik jarraitu zien haien urratsei.

Grebara deitu duten sindikatuak —unibertsitatetik kanpoko hezkuntzako guztiak, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Elkartea izan ezik—, kontent agertu dira erantzunarekin, lanuztearekin bat egin dutenen kopuruak pixka bat behera egin duen arren. %60k egin zuten atzo, eta %70ekoa izan zen kopurua 22ko greba egunean. «Erantzuna ona izan da, Hezkuntza Departamentua iritzi publikoa manipulatzen saiatu den arren», azaldu du Expe Iriartek.

Sindikatuek gogor kritikatu dute Hezkuntzako agintarien jarrera. Izan ere, Nafarroako ikastetxeetara bi gutun bidali dituzte, batetik batzarrak egitea debekatzeko, eta bertzetik sindikatuen hitzak zalantzan jartzeko. «Gezurretan ari garela esaten dute, baina hemen gezurrak esaten dituen bakarra Jose Iribas kontseilaria da», erran du EILASeko kide Amaia Zubietak.

Eztabaida eskaera

Nafarroako Parlamentuko txosten batek ezbaian jarri berri ditu hezkuntzaren arloko murrizketak, adierazi baitu Espainiako Gobernuaren dekretuak urratu egiten dituela Nafarroaren eskumenak. «Iribas, beraz, gezurretan ari da orain, neurriak ezarri beharrekoak direla esaten duenean; edo gezurretan aritu da orain arte, Nafarroak hezkuntzan eskumenak dituela esaten zuenean», erran dute sindikatuek.

Iribasek atzo berretsi zuen murrizketak ezarri eginen dituztela. «Ez gara intsumiso izanen. Derrigorrez ezarri behar ditugu, nahiz eta gero neurrien inguruko helegitea aurkeztu», erranzuen kontseilariak. Bilduk helegitea aurkezteko eskaera egin du jada.

Hezkuntzako arduradunek eta sindikatuek bilera eginen dute gaur. Amaia Zubietak atzo gogorarazi zuen urritik ez dutela zuzenean Iribasekin bat egiteko aukerarik izan. «Urritik ez da agertu. Hedabideen bidez mintzatzen da gurekin». Hori dela eta, Zubietak jendaurrean eztabaida egitera deitu du Iribas kontseilaria.

Gaur sindikatuak izanen dira Nafarroako Parlamentuan, lan saioa eginen baitute Hezkuntza Batzordeko kideekin, 16:30etik aurrera. 17:00etan elkarretaratzea eginen dute Parlamentuaren aurrealdean. Bihar, berriz, Jose Iribas Hezkuntza kontseilaria agertuko da batzorde horretan, murrizketen inguruko azalpenak ematera.

Sindikatuek antolatu hiru greba egunetako lehendabiziko biak pasatuta, biharkoa izanen da hirugarrena eta azkena, oraingoz bederen. Biharko, funtzio publikoko langile guztiak deitu dituzte grebara sindikatuek. Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, bi orduko lanuztera deitu dute LABek eta ESK-k. Legez kanpokotzat jo du protesta hori Eusko Jaurlaritzak. Atzo, Bilboko Arriaga aurrean M-15 mugimenduak egin behar zuen protesta ere debekatu zuten. Espainiako printze-printzesak joatekoak ziren, Novia Salcedo fundazioaren sari banaketara. Arriagan egoteko baimenik ez zieten eman, ordea. LAB sindikatuko eskola publikoetako heziketa bereziko eta zerbitzuetako langileek, berriz, ekarretaratzea egin zuten Bilbon, eguerdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.