Guztira 80.000 langabe zenbatu zituen INEk Hego Euskal Herrian, aurreko hiruhilekoan baino %2 gutxiago. Bizkaiak jarraitzen du langabe kopuru handiena duen herrialdea izaten, alde handiarekin. Hor daude Hego Euskal Herriko erdiak baino gehiago; hain zuzen 40.800 dira lanik gabe daudenak; Nafarroan, 16.100 dira; Gipuzkoan, 16.000 eta Araban 7.000. Era berean, enplegu bila dabiltzan emakumeen kopurua 49.200ekoa da; aldiz, gizonezkoak 36.400 dira.
LAN ERREFORMAREN KRITIKA. LAB sindikatuarentzat ez dira guztiz baikorrak datu horiek. «INEren arabera, soldata jasotzen duten 19.000 lagun gehiago daude. Baina horietako %59ri aldi baterako kontratua soilik egin zaie», azaldu du. Hala, orain gutxi Espainiako Gobernuak eta UGT eta CCOO sindikatuek hitzartutako lan erreforma plana «baliorik gabekoa» iruditzen zaio. «Erreforma horrek egonkortasuna eta enpleguaren kalitatea hobetzeko ez duela balio agerian geratu da», esan du. Sindikatuak aditzera eman duenez, lehen hiruhilekoan %27,7koa zen aldi baterako kontratuekin lanean ari zirenen kopurua; bigarrenean, %28,3koa izan da.
Era berean, emakumeen eta gazteen lan egoera kritikatu du LABek. Izan ere, bi multzo horietan aldi baterako kontratuak hazi egin dira. Urte hasieran emakumeen %32 ari zen gisa horretan beharrean; apiriletik aurrera, berriz, %33,8. Gazteei dagokienez, %14,9tik %18,1era pasa da langabetuen kopurua.
Hori dela eta, CCOOri orain arteko estrategia alde batera uzteko eta erantzukizunak bere gain hartzen hasteko eskatu dio. «Sindikatu horrek gu egiten gaitu bilakaera kaskar honen erantzule. Dena den, Espainian aldi baterakotasuna hemen baino handiagoa dela gogoratu behar da, %32koa hain zuzen». Lan erreformak patronalei laguntzeko soilik balio izan duela gaineratu du.