Gaur 30 urte egin zen Espainiako Konstituzioari buruzko erreferenduma, eta Hego Euskal Herrian emaitzak bestelakoak izan baziren ere, haren aldeko jarrera zabala nagusitu zen Espainian. Horrenbestez, idazki hura da ordutik Espainiako Estatuko arautegi nagusi, eta, ondorioz baita Hego Euskal Herrikoa ere.
30. urteurrena Espainiako Konstituzioa eta ibilbide luze hori kritikatzeko baliatu dute hainbat alderdi eta indar politikok, hala nola, EAJk, EAk, EBk eta ezker abertzaleak. Hian justu, ezker abertzalea izan da Konstituzioaren 30. urteurrenaren harira herritarren mobilizazio handiena antolatu duena: milaka lagunek manifestazioa egin dute Durangon (Bizkaia), Autodeterminazioaren bidetik independentzia lelopean. Ohi bezala, Liburu eta Disko Azokaren egoitzatik, Landakotik, abiatu da manifestazioa, eta Durango erdialdean ibili da gero Santa Ana plazan bukatzeko.
Hain zuzen ere, han egiten dute ekitaldi politikoa. Itziar Abellanal mintzatu da ezker abertzalearen izenean, eta onartu zenetik 30 urte igaro direnean Konstituzioak porrot egin duela argi dagoela iritzi dio. Abellanalen arabera, bi helburu nagusi zituen Konstituzioak, "Euskal Herria asimilatzea eta ezker abertzalea desegitea", eta bietan hutsegin du. Ildo horretatik, egungoa trantsizio aroa dela iritzi dio: "agortutako esparru politikotik" eszenatoki berri batera igarotzeko aldia, eta trantsizio hori gauzatzeko "EAJren ezkerretara bloke independentista herritarra" eratzea ezinbestekoa dela iritzi dio. Independentista guztiei batzeko deia egin die Abellanalek eta ezker abertzalea bat-egiteko hori ahalbidetzeko prest dagoela azpimarratu du.
Ezker abertzaleak ez ezik, EAk ere gogor kritikatu du Konstituzioa, eta"euskal herritarren helburuen kontrako harresia" dela iritzi dio Mikel Irujo zuzendaritzaren bozeramaileak. "Euskal Herriko gehiengo politikoak ez du lekurik Konstituzioan. Euskal herritarrok ez dugu gaur ospakizunetarako arrazoirik", azpimarratu du.
"Harresi" horri aurre egiteko "indarkeriatik urrundutako" mugimendu subiranista behar dela erantsi du EAko buruzagiak, eta bide baketsuetatik soilik lortuko direla helburuak. "Abertzaleen gehiengo handia ados dago bide politiko hutsen aldeko apostua egiteko. Hori gertatzen denean mugimendu independetista geraezina izango da". Hain zuzen ere, Estatuari beldurra ematen diona mugimendu baketsu eta demokratikoa dela azpimarratu du Irujok.
EAJko presidente Iñigo Urkulluk, berriz, 30 urteko ibilbideari buruzko gogoeta egiten duen artikulua plazaratu du, eta Konstituzioak Euskal Herriari zenbait gauza on ekarri dizkiola esaten badu ere, etorkizunera begira hitzarmen berria proposatu du, autogobernu gehiago, "menpekotasun gutxiago" eta "euskal estatu gehiago" ekarriko duena.
EBk, berriz, elkarretaratzea egin du Donostian, Konstituzio federal eta errepublikazale baten alde lelopean. Ekitaldi horren ostean, Konstituzioa "edukiz hustu" dutela iritzi dio Mikel Arana bozeramaileak, "Estatu ereduan eta eskubide sozialetan". Era beran, monarkiaren inguruko erreferenduma eskatu du.
Espainian, berriz, hainbat ospakizun egin dituzte erakunde nagusiek urteurrena ospatzeko. 30 urteren buruan Konstituzioari zenbait aldaketa egitearen alde agertu dira zenbait buruzagi politiko; Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak, ordea, hartarako premiarik ez duela ikusten azpimarratu du.
Espainiako Konstituzioak 30 urte
Bigarren trantsizioa gauzatzeko "EAJren ezkerretara bloke independentista" eratu behar dela uste du ezker abertzaleak
Hala aldarrikatu dute Durangon, Konstituzioaren aurka milaka lagun batu dituen manifestazioaren ondorengo ekitaldi politikoan. EAk, berriz, indarkeriatik urrundutako mugimendu subiranista nahi du "Konstituzioaren harresiari" aurre egiteko. EAJk "menpekotasun gutxiago eta euskal estatu gehiago" eskatu du Konstituzioaren 30. urteurrenean. EBk, ostera, Konstituzio federal eta errepublikanoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu