Cadizen dira Iñaki Goioaga abokatua eta Nagore Lopez de Luzuriaga Etxerat-ekoa autopsiaren tramiteak behar bezala egiten direla ziurtatzeko, eta gorpua etxeratzeko egin beharrak egiten. Izendatu dituzte dagoeneko bertan egongo diren konfiantzazko mediku eta abokatuak. Arkaitz Bellon euskal presoaren heriotza argitzeko eskatu dio gaur Etxerat presoen senideen elkarteak Espainiako Espetxe Zaintzako Zuzendaritzari, eta ohartarazi du erakunde horrek bermatu behar duela presoen osotasun fisiko eta psikologikoa. Halaber, euskal presoekiko "jazarpen etengabea" ahalbidetzea ere egotzi dio espetxe zuzendaritzari.
Elkarteak jakinarazi duenez, 09:00etan konfiantzazko medikurik gabeko azterketa forentsea egiten hasi zaizkio Bellonen gorpuari. Epaitegiak esan du gaur goizean jaso duela konfiantzazko medikuak forentsearen azterketan egoteko eskaera —atzo bidali zen—. Hori dela eta, konfiantzazko medikurik gabe ari dira egiten azterketa forentsea. Forentsearen azterketa ezin da eten behin hasi dela.
Elkarteak gogorarazi du zigorraren hiru laurdenak beteak zituela Bellonek eta, beraz, libre behar zuela. Salatu du apenas jaso dutela Bellonen heriotzaren inguruko xehetasunik, eta oroitarazi Bellonen osasun arazo bakanak traumatismo arinak izan direla. Hori horrela, haren heriotza argitzeko eskatu dio espetxe zuzendaritzari. Espainiako Gobernuak atzo esan zuenez, Bellonek ez zuen indarkeria zantzurik, eta "berezko heriotza" aipatu zuen lehen hipotesi gisa.
"Hau salbuespeneko espetxe politikaren emaitza zuzena da. Ez badugu politika hori amaitzen, horrelako egoera gehiago izango ditugu", esan du Etxerat-ek ohar batean. Beharrezkotzat jo du sakabanaketa politika amaitzea.