usko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak dei egin die herritarrei bihar arratsaldetik aurrera ez daitezen kalera atera, iragarpenek baitiote 150 kilometro orduko abiadura har dezakeela haizeak. Raul Fernandez Arroiabe Herrizaingo sailburuordeak jakinarazi du oraindik ez dakitela zehazki nondik sartuko den ziklogenesi lehergarria. Bihar jakingo dute zehatz, eta beharrezko abisua emango diete herritarrei.
Neurriak hartzen hasi dira dagoeneko. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bertan behera utzi dute kanpoan egin beharreko eskola kirola. Eta berdin egiteko aholkatu dute azokak eta gisakoak egitekotan diren lekuetarako. Jaurlaritzak iragarri du larrialdi zerbitzu guztiak daudela alertan.
Eusko Jaurlaritzak, diputazioek, zenbait udalek eta Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaritzak krisi mahaian bilduko dira bihar arratsaldean. Haizea dela eta, alerta gorria ezarri dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Mendiguneetan, haize boladek gainditu egingo dute 150 kilometroko abiadura. Gainerako lekuetan litekeena da 120 kilometro orduko abiadura gainditzea, bereziki Arabako lautadan eta Bizkaiko mendebaldean. Hegotik joko du haizeak.
Nafarroako Gobernuak jakinarazi du alerta laranja ezarri dutela herrialdean. Pirinio inguruan 120 kilometro orduko abiadura har dezake haizeak, eta 90 kilometro ordukoa gainerako guneetan.
Halakoetan ohikoak diren aholkuak eman dituzte larrialdi zerbitzuek: ateak, leihoak eta eguzki oihalak ixtea; kalera eror daitezkeen gauza guztiak kentzea; eta eraikuntzako aldamioak-eta kentzea. Haizeteak kalean harrapatuz gero, berriz, zuhaitzen eta gisakoen paretik kentzeko eskatu du Jaurlaritzak, haiek erorita ere. Errepidean ere erne ibiltzeko deia egin du Herrizaingo Sailak, eta itsasora ez irteteko eskatu du.
Unerik gogorrena larunbateko 15:00etatik igandeko 03:00etara izango da, iragarpenen arabera. Ziklogenesi lehergarria izateko arriskua aipatzen dute iragarpenek. Orain hurrena 2008an izan zen Euskal Herrian haize fenomeno ikusgarria, eta kalte nabarmenak eragin zituen.
EGURALDIA
Bihar arratsaldean kalera ez irteteko eskatu du Jaurlaritzak
Haizete handiengatik alerta gorria ezarri du Herrizaingo Sailak, baina oraindik ez dakite zehazki nondik sartuko den ziklogenesi lehergarria. Kanpoan egin beharreko eskola kirola bertan behera utzi dute, eta gomendatu azokak-eta ez egitea. Nafarroan alerta laranja jarri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu