Bihar arte luzatu dute ustez Urbiolako desagertzearekin loturiko gizonaren atxiloaldia

Maria Angeles Germanen kasuarekin zerikusia zuelakoan atxilo zegoen andrea aske geratu da

Erredakzioa
Iruñea
2010eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Bihar arte luzatu du epaileak abuztutik Urbiolan (Nafarroa) falta den Maria Angeles Germanen desagertzearekin zerikusia duelakoan orain egun batzuk atzeman zuten gizonaren atxiloaldia. Haren emaztea ere atxilotua zegon, baina epailearen aurrean deklaratu ostean, aske geratu da, kargurik gabe.

Abuztuaren 9an desagertu zen German, txakurra albaitarira eramatera zihoala. Hilabete hauetan ez da haren arrastorik agertu. Duela egun batzuk, ordea, foruzainek gizonezko bat atxilotu zuten Urbiolatik kilometro gutxira, desagertzearekin zerikusia zuelakoan. Atxilotutako gizona Germanen laguna zen, eta emakumearen senideek baiezatu zuten antza bikote harremana izan zutela. Ondoren, haren emaztea ere atzeman zuten.

Senar-emazteak atzo igaro ziren Lizarrako Instrukzioko 2. Epaitegiko epailearen aurretik. Gizonak ez zuen deklaratu, epaileak atxiloaldia 48 orduz luzatzen ziola jakinarazi baitzion. Hori kontuan hartuta, Iruñeko Foruzaingoaren egoitzan egongo da bihar arte; eta deklaratu ostean, epaileak haren inguruko erabakia hartu beharko du. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko bozeramaile batek jakitera eman duenez, ikerketarako froga gehiago lortzea da atxiloaldia luzatzeko arrazoia. Emakumeak, berriz, deklaratu egin zuen, baina kasua sekretupean dagoenez, ez da hark esandakoari buruzko xehetasunik jakin.

Bien bitartean, foruzainek ikerketarekin jarraitzen dute. Herenegun bertan bederatzi orduz miatu zituzten atxilotutako bikoteak Barbarinen dituen bi etxebizitzak, baita Villamayor de Monjardingo upategi ondoko urtegi txiki bat ere. Urpekariak eta suhiltzaileak aritu ziren lan horietan, baina ez zuten ezer topatu. 21:00 inguruan amaitu zituzten bilaketa lanak. Atxilotutako emakumea miaketetan egon zen.

Atxilotu bat Bilbon

Bestalde, Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu zuen bart Bilbon, ustez bikotekideari eraso egiteagatik. Gauerdia pasatxo zenean gertatu zen ustezko erasoa, Bilboko Abando kalean. Bizilagun batek deitu zuen Ertzaintzara, etxebizitza batean eraso bat gertatzen ari zela salatuz. Ertzainak hara bertaratu zirenean, biktimak azaldu zien gizonak eraso eta mehatxuegin ziola. Emakumeak zauriak zituen aurpegian, Ertzaintzak jakitera eman duenez. Ustez, gizonak jo eta hormaren kontra bota zuen. Han bertan atxilotu zuten gizona, eta emakumea Basurtuko ospitalera eraman zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.