Bihar bilduko dira, beraz, PSE-EEko ordezkariak eta Batasunekoak. Joan den astean Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak iragarri zuen bilera berehala izango zela. Batasunari zer esango zion ere aurreratu zuen; ezker abertzalea “sistema demokratikoaren barruan” egotea nahi dutela, hain zuzen.
"Helburu nagusia euskal eragile guztien arteko akordioa lortzea da"
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak joan den astean egin zuen iragarpenaren ostean Anoetako proposamena "sendotu" egin dela azpimarratu du gaur Pernando Barren Batasuneko mahaikideak. Izan ere, orduan proposatutako bi mahaien eskema martxan dagoela azaldu du. Horrenbestez, bi ondorio nagusi azpimarratu ditu Batasunekoak: batetik "bide errepresiboen porrota" eta bestetik "negoziazio fasea zabalik" egotea.
Une honetan, helburu nagusia euskal eragile guztien arteko akordio lortzea dela azpimarratu du Barrenak. Zapateroren adierazpenaren ostean, argi geratu da Batasunaren ustez, konponbidearen gakoa Euskal Herriko eragileen arteko negoziazioan dagoela.
Alderdian mahaiak osatzeko negoziazioak zabalik daudela azaldu du Barrenak eta Batasunak bere jarduera norabide horretan kokatuko duela. Mahaiari begira oinarriak ezartzeko interlokuzioa bikoiztuko dutela adierazi du.
Batasunaren ustez, beharrezko oinarrietako bat "Euskal Herriko hiritarrek erabakitakoa errespetatzea" izango da. Barrenaren hitzetan, Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Jacques Chirac Espainiako eta Frantziako gobernuburuek erabaki hori errespetatzera mugatu behar dute.
Bestalde, eragile guztiak baldintza berdinetan egotea ere beharrezkoa izango da. Horregatik, Batasunaren zilegitasuna errespetatzea derrigorrezkoa dela iritzi dio. Gaineratu du ezker abertzaleak ez duela inolako bazterketarik onartuko.
Une honetan, beraz, erronka nagusia konponbiderako mahai osatzea da Batasunaren ustez eta horretarako berehala inplikatzeko eskatu dio PSOEri.
Politika
Bihar bilduko dira PSE-EE eta Batasuna
Bihar. Batasuna goizeko 11:00etan bihar bilduko da PSE-EErekin, Bilbon. Horrela jakinarazi du gaur Batasunak ohar baten bidez. Ikusmin handia sortu du bi alderdi hauen arteko bilerak. Bestalde, une honetan helburu nagusia alderdien mahaia osatzea dela iritzi dio Batasunak eta bide horretan oinarriak ezartzeko, interlokuzioa biderkatuko dutela jakinarazi du gaur arratsaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu