Sorturen biharko ekitaldia Bulebarrean egingo da. Marije Fullaondo eta Joxean Agirre agertu dira gaur hedabideen aurrera Konstituzionalaren osoko bilkuraren erabakia baloratzeko, eta salatu dute "estatu estrategiari erantzuten dion erabaki politikoa" dela. Fullaondok zehaztu du "independentismoaren kontrako borroka estrategiari" erantzuten diola erabakiak, eta funts juridikorik ez duela.
Fullaondok adierazi du "bakearen etsaiek" beldur diotela bakeari, bere hitzetan, ez dutelako eskaintza demokratikorik Euskal Herriarentzat. Zentzu horretan Sortuk salatu du PPk eta PSOEk "agenda bera" dutela "prozesua deusezteko". Baina horren aurrean mezu bat ere bota du: "Ezingo dute geldiarazi herri gisa dagozkigun eskubideak lortzea".
Estrasburgora jotzea erabaki juridikoa izanik ere, politikoki berriz Espainiaren jarrera agerian geratuko dela uste du Sortuk. Aintzat hartu behar da, beste batzuen artean, Estrasburgok iaz Parot doktrina bertan behera utzi zuela Ines del Rioren helegitea aintzat hartu eta gero, eta tortura auzietan ere hartu izan duela Espainiaren kontrako erabakirik.
Bateragunekoak askatzeko eskatzeaz gain, sakabanaketa eta euskal presoekiko "xantaia politikoa" amaitzeko exijitu du Sortuk gaurko agerraldian.