indarkeria matxista

Bihar edo etzi jakinaraziko dute sanferminetako bortxaketako bostak aske utziko dituzten edo ez

Defentsak helegitea aurkeztu zuen, eta epaia irmoa izan bitartean aske uztea aztertzeko saioa egin dute Nafarroako Auzitegian.

Protestak Iruñean, epaiaren berri izan ostean. IñIGO URIZ, FOKU
2018ko ekainaren 18a
07:56
Entzun

Sanferminetako talde bortxaketan parte hartu zuten bost gizonak aske utzi edo ez aztertzeko saioa gaur goizean egin dute Nafarroako Auzitegian. Epaia irmoa izan bitartean behin-behinean hala eskatu zuten joan den astean bosten defentsek, eta, horren inguruan erabaki bat hartzeko, epaimahaiak bista baterako deitu zituen alde guztiak gaurko. 50 minutuko saio bat izan da. Defentsek bost gizonen askatasuna galdegin dute. Akusazioek, berriz, eskaera hori bertan behera uzteko eskatu dute. Victor Sarasa Iruñeko Udaleko abokatuak argudiatu du ihes egiteko arriskua "begi bistakoa" dela. Defentsako abokatuetako batek, Agustin Becerrak, bere eskaerari eutsi dio, "inongo arriskurik ez dagoela" iritzita. Are: esan du auzipetuak kartzelan mantentzea "burugabekeria" dela.

Epaitegian izango dira gaur bortxatzaileetako hiru ere, Iruñeko espetxean daudenak. Beste biek Madrilgo espetxe batetik jarraituko dute saioa. Abokatuen arabera, erabakia "datozen egunetan" jakinaraziko du epaimahaiak.

Epaian bederatzi urteko espetxe zigorra ezarri zieten bost horiei, emakumeaz sexualki abusatu zutelakoan, baina ez bortxatu. Epaileen arabera, ez zen sexu erasorik izan, ez zelako frogatu epaiketan indakeriarik edo mehatxurik egon zenik. Akusazioek 22 urtetik gorako kartzela zigorrak eskatu zituzten bost auzipetuentzat, eta defentsak, absoluzioa.

Epaiaren ostean, defentsek aske uzteko eskatuz helegitea aurkeztu zuten, argudiatuta emakumea bortxatu zutelakoan atxilotu zituztela 2016ko uztailaren 7an erasoa gertatu eta ordu gutxi batzuetara, eta bortxaketa delitua baztertu egin duela epaiak. Ginaeratu dute Iñaki Urdangarinen auzian eta Gurtel auzian zigorra irmoa izan arte ez direla auzipetuak espetxean sartu. Iazko abenduaren 1ean bost gizonak behin-behinean aske uzteko eskaera atzera bota zuten Nafarroako Lurralde Auzitegian, eta, epaian bezala, orduko horretan ere boto partikular bat izan zen aske uztearen alde.

Epaiak haserrea eragin zuen gizartean, eta protesta jendetsuak egin ziren Euskal Herrian, baita manifestazio handi bat Iruñean ere, eta Zigor Kodea berrikustearen beharra agerian geratu zen. Biktimaren abokatuak ere helegitea aurkeztu zuen, zigorra bi urtez luzatzeko eskatuz. Horrez gain, fiskaltzak eta akusazio popularrek ere helegitea aurkeztu zuten: Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.