euskal PRESOAK

Bihar emanen dute Alberto Plazaola Espainiaratzeari buruzko erabakia

Xantiana Cachenaut abokatuak azaldu duenez, litekeena da epaileak euroagindua ukatzea. Espainiako Auzitegi Nazionalak frantsesez bidali du eskaera oraingoan, baina euroaginduaren prozedura ez da egokia. Kasua 1993 aurrekoa izanik, estradizioa behar luke.

Alberto Plazaolaren atxiloketa salatzeko Ziburun eginiko elkarretaratze bat. ISABELLE MIQUELESTORENA
maddi ane txoperena iribarren
2015eko irailaren 29a
12:19
Entzun

Atzo egin zuten Alberto Plazaolaren euroagindu eskaeraren azterketa, Pauen (Okzitania). Bigarren aldiz egin dute auzia: joan den irailaren 15ean egin zuten lehenbiziko aldiz, eta bi prozedura akatsengatik gaur berriro egitea erabaki zuen epaileak. Ordukoan bi akats egin zituen Espainiako Auzitegi Nazionalak: gaztelera hutsean igorri zion Paueko Auzitegiari euroagindu eskaera, eta euroagindua eskatu zuen 1993 baino lehenagoko kasu baterako. Berez, estradizio eskaera behar luke, egozten zaion kasua 1987koa delako.

Xantiana Cachenaut abokatuak BERRIAri azaldu dioenez, oraingoan frantsesera itzulita bidali dituzte dokumentuak, baina berriro bidali dute euroagindu eskaera, estradizioaren ordez: "Harrigarria da, Espainiak hiru aste izan ditu prozedura behar den bezala bideratzeko, eta ez dute egin". Abokatuaren arabera, bai fiskala eta bai epailea euroagindua gibelera botatzearen alde agertu dira, eta, beraz, ostegunean Espainiaratzearen aurkako erabakia ematea espero dute.

Estradizioaren zain

Espainiak estradizio eskaerarik bideratuko duen ala ez, ez dakite ez abokatuak ez fiskalak, baina hori litzateke Plazaola Espainiaratzeko aukera bakarra. Eskaera iritsiko balitz, prozedura berriro hasieratik hasiko litzatekeela azaldu du Cachenautek. Kontrol judiziala bertan behera uzteko ere eskatu du defentsak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.