Ordu gutxi besterik ez dira geratzen BERRIAren hamargarren urteurrena ospatzeko antolatu duten bira hasteko. Errenterian eta Igorren izango dira lehen bi saioak. Bihartik ekainaren 21era bitartean, ordea, Euskal Herri osoan ibiliko da ospakizun bira. BERRIAlagunen sarea handituz ospatu nahi du euskarazko egunkariak urteurrena, eta horretarako Motrekoadroka taldeak urteurrenerako bereziki egindako antzerki obra estreinatuko du: Zertarako hegoak.
Hamar urte hauetan jasotako sostengua eskertzeko eta elkarren berri izateko modu bat izango dira herriz herri antolatutako urteurren ospakizunak. Apirilaren 12an hasita ekainaren 15era bitartean, 29 ekitaldi izango dira BERRIAren hamar urteko ibilaldia ospatzeko.
Ekitaldi guztietan, kultur emanaldi bat eskainiko da, eta lehendabizikoa antzerki emanaldi bat izango da. Metrokoadroka kolektiboak Zertarako hegoak antzezlana estreinatuko du, hain zuen ere, BERRIAren ekimenez taldeak urteurrenaren harira sortutako lana. Lehen emanaldia Errenteriako Niessen kulturgunean izango da, ostiral honetan, apirilak 12, arratsaldeko zortzietan hasita.
Kultur birako ekitaldi bakoitzak hiru osagai izango ditu. Lehenik, aurkezpen labur bat, hamar urteotan BERRIAk jasotako sostengua eskertzeko, aurtengo berrikuntzen eta etorkizuneko asmoen berri emateko. Ondoren, BERRIAren proiektuaren gakoak azaltzen dituen bideo artistiko bat, Lorea Agirrek, Maialen Lujanbiok eta Harkaitz Canok landutako gidoi baten inguruan Pixel ekoizpen etxeak sortutakoa. Azkenik, ordubeteko kultur emanaldi bat: batzuetan, antzerkia (Metrokoadroka kolektiboaren Zertarako hegoak antzezlana); beste batzuetan, musika (hainbat artistaren eskutik); eta beste batzuetan, bertsoa (Josu Goikoetxearen bertsotramaren bitartez).
BERRIAren hamargarren urteurrena elkarrekin ospatzeko kultur bira hau Euskal Herrian barrena hedatuko da: Araban: Amurrio eta Gasteiz. Bizkaian: Zalla, Santurtzi, Areeta, Bilbo, Mungia, Basauri, Igorre, Bermeo, Durango eta Ondarroa. Gipuzkoan: Elgeta, Elgoibar, Beasain, Tolosa, Hernani, Zarautz, Donostia, Errenteria, Hondarribia eta Andoain. Nafarroa Garaian: Bera, Altsasu, Atarrabia, Lizarra, Tutera eta Tafalla. Nafarroa Beherean: Izpura. Lapurdin: Hendaia eta Miarritze.
Ekitaldi guztietan, aurkezpen laburraren ondoren hamar minutuko bideo bat emango da. BERRIA zer den hobeto ulertzeko lagunduko duen sormen lan bat da, arrastoa utziko duen ikuskizun bat. Bideoaren aurrerapen gisa, trailer bat dago ikusgai. Bideoaren ostean, hamabi tokitan Metrokoadroka taldeak Zertarako hegoak antzezlana jokatuko du. Beste hamalau tokitan, berriz, musika emanaldi bat izango da, hainbat artistarekin: Anari eta Leire Gotxi (Bermeo), Xabier Montoia (Hernani), Inoren Ero Ni eta Borja Estankona (Durango), Anje Duhalde (Tolosa), Eñaut Elorrieta (Lizarra eta Hendaia), Igelaren Banda (Bilbo), Ruper Ordorika (Miarritze eta Santurtzi), Bizardunak (Elgeta), Anari eta Ruper Ordorika (Tutera), Gari (Altsasu) eta Joseba Tapia (Ondarroa).
Bertsoari dagokionez, bi motatako emanaldiak izango dira: batetik, lau tokitan bertso trama, Josu Goikoetxea, Andoni Egaña, Uxue Alberdi, Amaia Agirre, Amets Arzallus, Aitor Atxeaga, Arkaitz Estiballes, Miren Amuriza, Jon Maia, Igor Elortza, Oihane Perea eta Unai Iturriagarekin (Gasteiz, Zarautz eta Basauri); bestetik, Andoni Egaña eta Xabier Lizasoren Bi arreba ikuskizuna (Getxo). Ekitaldietara sartzeko sarrera ordaindu beharko da, gastuei aurre egin ahal izateko: hamar euro —BERRIAlagunek eta harpidedunek prezio berezia izango dute, hamar euro—.
Ospakizunei amaiera jartzeko, egun osoko festa izango da Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean, ekainaren 22an: bertsolariak, erakusketak, bisitak, jan-edanak, ekitaldi nagusia, bazkaria eta musika (Gose, Morau, Petti, Napoka Iria...) izango dira.