Bihar hasiko da Donostian Portu eta Sarasolaren torturei buruzko epaiketa

Hamabost guardia zibil eseriko dira akusatuen aulkian, Igor Portu eta Mattin Sarasola torturatzea egotzita

Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2010eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Torturatzea egotzita, akusatuen aulkian eseriko dira hamabost guardia zibil, bihartik ostiralera bitartean. Inkomunikatuta eduki zituzten garaian Igor Portu eta Mattin Sarasola torturatzea egotzi die haiei bi presoen abokatuak eta Gipuzkoako Fiskaltzak. Nolanahi ere, torturarik ez zela gertatu defendatuko duen alderik ere izango da epaiketan: batetik, guardia zibilen defentsa egongo da, eta, bestetik, Espainiako Estatuaren Abokatutza. Donostiako Lurralde Auzitegian egingo dute epaiketa, eta hamabost guardia zibilak babestuta egongo dira, nahiz eta babestuen figura hori lekukoentzat izaten den, eta ez akusatuentzat.

Sei urtetik 17 urtera bitarteko zigorrak eskatzen ditu akusazioak hamabost agente horientzat, tortura eta lesio delituak egitea egotzita. Gipuzkoako Fiskaltzak ere zigorra eskatzen du, baina hamabostentzat partez hamarrentzat soilik: birentzako hiru urteko espetxea, beste birentzat bikoa, eta gainerakoentzat egun batzuetan lokalizatuta egoteko zigorra. Porturi eta Sarasolari kalte-ordainak emateko ere eskatzen dute bi akusazioek.

Hamabost guardia zibilen defentsak, berriz, guztien absoluzioa eskatzen du, haietako inork deliturik ez duela egin iritzita. Espainiako Estatuak ere auzian parte izatea erabaki du, estatuaren abokatuaren bitartez. Baina, ez du torturak zigortzeko jarrera hartu, aitzitik, guardia zibilak babestu, eta akusatu guztiak libre uztea eskatu du.

Bi bertsiok aurrez aurre talka egingo dute Donostiako Auzitegian. Portu urtarrilaren 6an atxilotu eta hurrengo eguneko goizaldean tortura zantzu nabarmenekin espetxera eraman zutenean zabalduriko bertsio ofizialaren ildokoa da guardia zibilen defentsak eta estatuaren abokatuak defendatzen dutena. Haiek diote Guardia Zibila Portu eta Sarasola atxilotzen hasi zenean haiek ihesegiten saiatu zirela eta, beraz, guardia zibilek indarkeria erabili behar izan zutela ustezko bi etakideak neutralizatzeko. Defentsaren eta estatuaren abokatuaren iritzian, une horretan sortutakoak dira bi atxilotuen lesioak.

Lesioak ez direla atxiloketa unekoak esan izan dute, ordea, hasiera-hasieratik Portuk eta Sarasolak. Atzeman zituzten unean ez zela indarkeriarik egon, baina inkomunikatuta eduki zituzten denboran tortura gogorrak jasan zituztela salatu zuten. Atxilotze unean ez, baina gero, autoan sartu zutenean, erreka ertzean, mendian eta ziegan torturatu zutela jakinarazi zuen Portuk -saihets bat hautsi zioten, eta, hark birika zulatu zionez, larrialdietan egon zen Donostiako ospitalean-. Konortea galtzeraino torturatu zutela esan zuen, bestalde, Sarasolak. Autoan, mendian, Madrilerako bidean eta hango ziegetan kolpatu zutela. Saihetsetan ostikadak eman zizkiotela, gorputz osoan jo zutela -batik bat buruan eta barrabiletan-, eta boltsa ere egin ziotela kontatu zuen.

Haien bertsioarekin bat egiten duen lekuko bat ere badago. Bergarako auzitegian deklaratu zuen atxiloketa unea ikusi egin zuela, eta han inork ez zuela indarkeriarik erabili esanez. Hainbat auzitegi mediku ere badira, Porturen lesioak bertsio ofizialaren arabera egindakoak ezin daitezkeela izan diotenak. Nolanahi ere, defentsak eta Estatuak ere topatu dituzte haien bertsioari sinesgarritasuna ematen dioten auzitegi medikuak.

Estatuaren abokatuaren bertsioaren arabera, Portu ihesean zihoala bi agente bere gainera «erori» ziren, eta, haiek gainean izanda ere, Portu «agresibitatez eta indarkeriaz» defendatzen hasi zen. Une horretan, guardia zibilak «indar fisikoa» erabiltzera «behartuta» sentitu zirela dio, hala, Porturi «zauriak» sortuz.

Sarasola ere «indarkeriaz» babestu zela dio txostenak, eta agenteak «behartuta» egon zirela «indar fisikoa» erabiltzera. Estatuaren abokatuak dio, une horretan bakarrik erabili behar izan zutela «indarra» guardia zibilek, eta testuinguru horretan indarra erabiltzea legez onartuta dagoela. Hala, bi lesakarrek torturak salatu bazituzten, «erakunde terroristako kideek fidelki jarraitzen duten salaketa faltsuen sistemari» jarraiki egin zutela argudiatu du estatuaren abokatuaren txostenak.

Guardia zibilen defentsaren txostenak ere bertsio berbera ematen du, eta xehetasun bat gehitzen du. Portu eta Sarasolaren lesioak atxiloketa unean sortutakoak direla esateaz gain,hanketan zituzten «punta formako urratu eta markak» atxilotu aurretik mendian ibili zirenean egindakoak zirela zehazten du.

Bi bertsioak aurrez aurre jarriko dira Donostiako Lurralde auzitegian astelehenetik ostiralera bitartean. 09:30ean hasiko da epaiketa, bihar, eta ikuskizun dago goizez bakarrik edo goiz eta arratsalde izango den. Lehen hiru egunetan guardia zibilek deklaratuko dute, Portu eta Sarasolaren testigantzak etorriko dira gero, eta,perituei entzun ostean, azken kalifikazioak eta ondorioak azalduko dituzte aldeek. Auzia epaiaren zain geratuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.