2001eko abenduaren 18an ikusi zuen argia lehenengo aldiz Tolosaldean eskualde mailako lehen euskarazko egunkariak. 'Tolosaldeko Hitza' egunkariak lortu du bertako euskaldungoa bereganatu eta merkatuan egonkortzea. Egun, 6.500 ale banatzen dituzte egunero Tolosaldean harpideentzat, eta 500 leku publikoetan jartzen dituzte. Harpidetza egitea 40 euro kostatzen da, eta goizeko 7.00etatik 11:00etara banatzen da. Urte eta erdi beranduago sortu da 'Oarsoaldeko Hitza'. Orain dela hilabete eskas aurkeztu zuten proiektu berri horretako 0. alea, eta bihar izango da kalean lehenengoa.
Errenteria, Pasaia, Lezo eta Oiartzunen banatuko da 'Oarsoaldeko Hitza'. Biharko alea lehenengoa izango denez, 30.000 ale kaleratuko dituzte eskualde guztira iristeko. Hala ere, etzitik aurrera 11.000 ale banatuko dituzte lehenengo hamabost egunetan. Alea etxean eta dohainik jaso nahi dutenek tarte horretan izango dute aukera izena emateko. Mementoz, eskualdeko herri aldizkarien harpide diren 3.000 lagunek eman dute izena.
Oiartzualdeko Hedabideak SL izango da egunkari berriaren enpresa argitaratzailea, eta hiru ardatzetan banatzen da. Batetik, Euskarazko Komunikazio Taldea (EKT) dago. Bigarrenik, euskara elkarteak: Orratx (Lezo), Abaraxka eta Branka (Pasaia), Lau haizeetara (Errenteria) eta Oiartzun irratia (Oiartzun). Azkenik, eskualdeko hiru ikastolak eta Euskaraz Bizi elkarteak osatzen dute enpresa.
Asteartetik igandera 8 orrialdetan eskainiko du informazioa 'Oarsoaldeko Hitza' egunkariak. Astelehenetan ez da kaleratuko. Hamar laguneko lan taldea izango du 'Oarsoaldeko Hitzak'-k, horietatik sei kazetariak. Errenteriak eta Pasaiak bina orriko tartea izango dute, eta Oiartzunek eta Lezok, bana.
Arantxa Iraola errenteriarra izango da egunkari berri honetako zuzendaria. Ilusioz ekin dio lan berriari, eta kalean ere giro bertsua sumatzen duela diosku. "Jendeak gogoz hartuko duela dirudi, eta kontuan hartu behar dugu ez garela hutsetik abiatu, aurrez herri aldizkariek lan handia egin baitute", nabarmendu du Iraolak. Kazeta berriaren ezaugarriei buruz galdetzean, irakurleak esku artean "produktu txukuna" izango duela dio. "Euskara irakurterraza eta txukuna izango du, eta informazioa bertatik bertara landuko dugu, informazioa bilduz, eta ahal den neurrian, sentituz".
Egunkari berriak Errenteriako Santa Klara kaleko 22an izango du egoitza. "Muga eta errezelo guztiak gainditu nahi ditugu, eta horregatik dei egiten diegu herritar guztiei guregana etor daitezen", azpimarratu du Arantxa Iraolak. Gaur arratsaldeko 20:00etan egingo dute aurkezpen ekitaldia Errenteriako Reina aretoan.
Komunikabideak
Bihar izango da kalean 'Oarsoaldeko Hitza'
Bihartik aurrera euskarazko komunikabide berri bat izango da Oarsoaldean, 'Oarsoaldeko Hitza'. Errenteria, Pasaia, Oiartzun eta Lezoko etxeetan banatuko da zortzi orritako euskarazko egunkari berri hau. Biharkoa lehenengo zenbakia izango denez 30.000 aleko tirada izango du, eskualde guztiko etxeetara iristeko. Gaur arratsaldeko 20:00etan aurkeztuko dute egunkari berria Errenteriako Reina aretoan. Arantxa Iraola 'Oarsoaldeko Hitza'-ren zuzendariak "euskaraz komunikatzeko esparru berria landuko" dutela adierazi dio 'Berria.info'-ri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu