Nafarroako gobernua

Bihar jarraituko dute kontseilariak hautatzeko bilerekin

Izen askorekin ados, baina beste batzuk oraindik erabakitzeko. Hala amaitu dute Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak arratsaldez egin duten bilera. Bihar berriro bilduko dira. Inbestidura saioa astelehenean izango da.

Alderdi politikoetako ordezkariak, goizeko bileran. JAGOBA MANTEROLA, ARGAZKI PRESS
joxerra senar
2015eko uztailaren 15a
07:08
Entzun

Arratsaldeko 19:00etan amaitu da ia hiru ordu iraun duen Geroa Bairen, EH Bilduren, Ahal Dugu-ren eta Ezkerraren arteko bilera. Ez dute akordioa ixtea lortu, eta bihar, berriro bilduko dira. Gobernua osatuko duten bederatzi kontseilarien izenak erabakitzea izango dute xede.

Ahal Dugu-k ez du proposamenik egin, eta EH Bilduren proposamenek "harrera ona" izan dute. Horrenbestez, kontseilarien "gehiengoa" hitzartuta legoke. Bileraren ostean, adostasunerako borondatea egon dela nabarmendu du EH Bilduko parlamentari Adolfo Araizek. 

Goizean ere bildu dira Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra Nafarroako Parlamentuan. Hiru ordu laurden ingurura, bileratik irten dira EH Bildu eta Ahal Dugu; handik ordu laurdenera, Ezkerrako ordezkariak irten dira. Alderdi bakoitzak bere proposamenak egin ditu, eta nork bere alderdikideekin aztertu ditu izen horiek.

Gobernu egitura zehaztua dute atzotik: bederatzi kontseilaritza izango ditu eta Barkosek nahi du hilaren 24ean hartzea kargua, berak egin eta biharamunean (inbestidura saioa astelehenean izango da).

Atzoko bilera, gogorragoa

Aurpegi serioekin atera ziren atzo Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrako eledunak bileratik. Ordu laurden inguru eman zuten euren egoitzetan komunikabideen aurrean hitz egin aurretik. Euren adierazpenak entzunda, irudi luke kontsentsu hitzaren gaineko eztabaida bizia izan zutela bilerak iraun zuen ordu eta erdian. Izan ere, kontseilarien izen-abizenen eztabaidan sartu aurretik, horiek aukeratzeko prozedurak eragin du talka serioa. Gobernu egitura negoziatzeko azken fase horretan, Geroa Baik irmo adierazi du kontseilariek ez dutela kargu organorik izan behar alderdietan, eta, parlamentari izanez gero, dimisioa eman beharko dutela. Gainera, kontsentsurik izan ezean, hautatzeko azken hitza Uxue Barkosek izango du. Halaxe berretsi zuen atzoko bileran. Barkosen arabera, legeak berak ahalmen hori ematen dio.

EH Bilduk ez du gustuko ikuspuntu hori. «Hori ez da kontsentsua. Batek betoa badu, besteak ere izan beharko luke», kexatu zen Adolfo Araiz, eta gaineratu zuen: «Desadostasuna sortzen badu beti beto eskubidea duenak, ez dago kontsentsurik». Ildo beretik, Araizek zehaztu zuenez, hitzez lau alderdiek nahi dute gobernua adostasun bidez osatu, baina, errealitatean, desadostasunak azaleratzen dira: «Gure ustez, denon arteko akordioa beharrezkoa da kontsentsua izateko, eta, desadostasunik balego, ezin da Geroa Bairen edo Uxue Barkosen esku utzi desadostasun hori konpontzea».

Araizek hori gaizki ikusiz gero, legea «berrikusi» beharko lukeela iradoki zion Barkosek. «Presidenteak izendatzen du legeak hala aginduta. Eduki politiko osoa emango diot izendapen horri. Presidenteak badu zer esaterik halako karguak izendatzerakoan». Gaineratu zuenez, izendapenek «ezaugarri erreala, serioa eta politikoa» izan behar dute, eta hor bere hitza garrantzitsua da: «Eduki politikoa eman nahi diet izendapenei». Bere esanetan, Geroa Baik hasieratik defendatutako gobernu ereduaren gaineko «arrazoizko akordio bat» lortu dute besteekin. Alderdi batek «bat egiten du», eta gainerakoek Geroa Bairen ikuspuntua ulertzen dutela deritzo.

Bileraren ostean, Ezkerrako Jose Miguel Nuinek ulertu du Geroa Bairen posizioa «irmoa» dela eta ez duela atzera egingo ohiko koalizio gobernu baterantz. «Alderdiok proposamenak egin ditzakegu izenen eta ardura eremuen inguruan, eta azken erabakia presidenteak izango du. Hori da finkatutako esparrua». Adierazpenetan, ez du eredu horrekiko desadostasunik azaldu. «Lan egingo dugu laurak prozesu horrekin konforme jar gaitezen. Denok konpromiso irmoa dugu programaren inguruan, baina garrantzitsua litzateke gobernu antolaketaren inguruan hotz edo ezaxola jokatuko ez bagenu». Ezkerraren irudiko, akordio programatikoa da garrantzitsuena.

Ildo beretik jo du Ahal Dugu-ko Laura Perezek. Bere esanetan, «garrantzitsua» izango da gobernu osaera «hitzartua» izatea. «Ahal Dugu-k kontsentsua izatea nahi du, kontseilariak teknikoak izatea baina era berean politikoak izatea. Era berean, parekidetasuna defendatzen dugu, eta 2007ko Berdintasunaren Legea betetzea nahi dugu, kontseilarien %40-60 emakumeak izan daitezen. Ez da zertan tentsiorik izan. Parterik zailena egin dugu: epe luzera lan egitean ahalbidetuko digun gobernu akordioa».

Araizen irudiko, berriz, hobea litzateke ohiko koalizio gobernua balitz. «Alderdiek ordezkaritza zuzena izatea da gobernuaren egonkortasuna izateko bermerik egokiena, kanpotik gobernuari nola jokatu behar duen esateko tentaziorik inork izan ez dezan».

Gobernuaren eskema nahiko argia da. Uxue Barkos izango da presidente, eta bi presidenteordetza izango ditu: arlo ekonomikokoa eta soziala. Presidenteordetza ekonomiko horrek bi departamendu izango ditu (Ekonomia-Ogasuna eta Industria-Sustapen Ekonomikoa). Guztira, gobernuak bederatzi departamendu izango ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.