Bihar, 19:30ean, Nafarroako Parlamentu aurrean elkarretaratze zaratatsua egingo dute Gernikako Akordioaren sinatzaileek. Parlamentariei «gatazka politikoaren aurka era aktiboan» parte har dezatela galdegingo diete mobilizazio horren bitartez. «Konponbide orokor eta demokratikoak» bilatu behar direla deritzote akordioaren sinatzaileek, «bai gatazkaren ondorioei dagokienez bai gatazkaren erro politikoei akordio bidezko konponbidea bilatzeko».
Mobilizazio horren berri emateko, prentsaurreko bat eman zuten atzo Iruñean. Han ziren, besteak beste, ezker abertzaleko Txelui Moreno, EAko Aitor Etxarri, Aralarreko Asun Fernandez de Garaialde, Herrira mugimenduko Fran Balda eta ESK-ko Xabier Barber.
Konponbide prozesu baten alde egiteko eskatzeaz gain, beste dei berezi bat egingo diete Nafarroako legebiltzarkideei. Carmen Alba Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkari izendatuz geroztik «oinarrizko eskubideen urraketa ugari» egin direla eta horren aurkako neurriak har ditzatela eskatuko diete parlamentu taldeei. Albari egozten zaizkion eskubide urraketak martxoaren 29ko greba orokorraren ondoren izandako atxiloketa ugariak eta gerora Bateraguneauziko epaiaren aurka presaz deitutako mobilizazioen kontrako debekuak dira. Gernikako Akordioaren sinatzaileen arabera, argi geratu da «nafar jendarteak bere oinarrizko eskubideak gauzatzea oztopatzen ari dela gobernu ordezkaria». Besteak beste, grebarako eskubidea, askatasun sindikalerako eskubidea, batzeko eta manifestazioa egiteko eskubidea eta adierazpen askatasuna urratu dituela deritzote.
Beharrezko tresnak erabili
Gogorarazi dute Nafarroako Parlamentuak eta gobernuak «eskubide eta askatasun ororen erabilera normalizatua bermatzeko erantzukizuna» dutela. Eta azpimarratu dute bi erakundeek «beharrezko tresnak» badituztela eskubide horiek gauzatu daitezela bermatzeko. Polizien 8/2007 foru legeko 9. artikuluak dioenez, herritarren segurtasuna bermatu, eskubideen eta askatasun publikoen erabilera ziurtatu eta pertsona eta ondasunak babestu egin behar dituzte. Hori hala izanik, Gernikako Akordioaren sinatzaileek gaineratu dute bere funtzioak osorik bete beharko lituzketela eta gizartearen eskubide zibil eta politikoak bermatu. Era berean, beharrezko erabakiak hartzea galdegin diete etorkizunean «Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak ezin dezan esku hartu nafarren eskubideen eta askatasunen gauzatzean».
Hori guztia dela eta, 19:30ean elkarretaratzera deitu dute. «Konponbide garaia da, errepresioaren aurka eta prozesuaren aurkako erasoen aurka planto egiteko garaia da».
Bihar, mobilizazio zaratatsua konponbidearen alde
Gernikako Akordioaren sinatzaileek parlamentu aurrean eskatuko dute alderdiak era aktiboan inplikatu daitezela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu